Lezon zabor bilketa sistema aldatuko da

Az, 2016-12-21 18:29

Egungo bilketa sistema hobetzeko helburuarekin, herritarren behar eta ohiturei erantzun diezaion, gaurko osoko bilkuran zabor bilketa atez-ate sistematik txipadun 5.edukiontzi sistemara aldatzea onartu da. Udal gobernuaren aburuz sistema berriak egungo bilketa datuak mantentzea edota hobetzea ahalbidetuko du eta ziur daude herritarrak hondakinak gaika ondo sailkatzen jarraituko dutela.

EAJ-PNVren udal gobernuko kideen eta PSE-EEko zinegotziaren aldeko botoekin eta EH Bilduko aurkakoekin, aurrera egin du zabor bilketa sistema aldatzeko proposamenak. Gauzak horrela, gaurko osoko bilkuran zabor bilketa atez-ateko sistematik txipadun bosgarren edukiontzi sistemara aldatzea onartu da. Udal gobernuaren esanetan “lezoarrek 2015eko udal hauteskundeetan argi utzi zuten beren nahia zein zen. Gauzak horrela, aldaketaren helburu nagusia egungo sistema hobetzea da, herritarren beharrei eta ohiturei erantzun diezaion. Era berean, erabaki honetan Lezon gai honen inguruan sortu den ika-mikari amaiera eman nahi zaio. 

Aldaketa, beraz, errealitate bilakatuko da 2017an eta urtean zehar ezarriko da sistema udalerri osoan, helburu gisa ezarrita gaikako bilketa portzentairik altuena lortzea gaikako bilketara ohitua dagoen Lezoko biztanleriaren esperientzian eta borondatean konfiantza osoa jarriz. Udal gobernuaren ustetan, “5.edukiontzi sistema herritarren beharretara eta ohituretara hobeto egokitzen da, eta argi geratu da atez-ateko sistema bezain eraginkorra edota eraginkorragoa izan daitekeela” esan dute osoko bilkura amaitzean. Horregatik, ziur daude sistema berriak emaitza onak emango dituela, herritarrak gaikako bilketara ohituta egonik ondo egiten jarraituko dutelakoan daudelako. “Gaikako bilketa kopurua egungoa bezalako edota handiagoa izan dadin ahaleginduko gara eta horretarako informazio eta sentsibilizazio kanpaina ezberdinak burutuko ditugu egungo kopuruak hobetzen saiatzeko” adierazi dute.

Era berean, gaurko osoko bilkuran hondakin solidoen bilketa zerbitzua San Markoko Mankomunitatearen eskuetan uztea onartu da, beraz, aurrerantzean, egun Udalak eskaintzen duen zerbitzua Mankomunitateak eskainiko du. Aldaketa, baina, ez da berehala gauzatuko, horregatik, aldaketa burutu bitartean Udalak eskainiko du zerbitzu hori eta horretarako, Kale Garbiketa eta Hiri Hondakin Solidoen Bilketa zerbitzuaren kontratua luzatu da, egungo baldintza berdinetan, betiere kalitatezko zerbitzu publikoa bermatzeko.

Esan bezala, aldaketa hilabete batzuen buruan gauzatuko da, baina hitzarmena sinatu ahala sistema berria ezarriko da Altamiran froga gisa, gerora udalerri osora zabalduko den sistema behar bezala ezartzeko. Froga honi esker sistemaren ezarpena ebaluatu eta hobetu beharreko gaiak identifikatuko dira sistema berria udalerri osoan txertatu aurretik.  
 

Arloa edo saila