2014ko urriaren 30 (Ezohikoa)

Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2014ko urriaren 30ean, osteguna, 19:33etan, eratu da OSOKO UDALBATZA, EZOHIKOA egiteko xedez, lehen deialdian, Ainhoa Zabalo Loiarte alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Mikel Arruti Salaberria, Angel Portugal Formoso, Naroa Tubilla Ziganda, Miren Tarragona Perez (BILDU), Kepa Garbizu Azkue, Xubero Ubillos Apaolaza eta Enrique Figueroa Laboa (EAJ-PNV)

Ainhoa Intxaurrandieta Ezkurra, Garazi Kuesta Unzain, Luis Garrido Corral (BILDU) eta Mikel Antxon Arrizabalaga Brusín (Eusko Sozialistak-Socialistas Vascos) ez dira bileran egon.

Bertan da eta egintzaren fede eman du udal idazkaria den Xabier Loiola Aristik.

Bertan da udal kontu-hartzailea Pedro Etxarri Ollokiegi.

1. 2015. ekitaldirako Ordenantza Fiskalak onartzeko diktamena (2014KO290004)

Alkateak Ogasun batzordeak emandako diktamena aurkeztu du. Proposamenean dauden aldaketa nabarmenenak azaldu ditu: zabor tasa garajeetan eta lokaletan % 20 jaisten da; ura hiru hilero kobratuko du eta ez bi hilero orain arte bezala; Obra zergak Plan Orokorreko eremuei egingo die erreferentzia eta ez kale izen zehatzei orain bezala; tabernetako terrazei urteko edo udarako prezioa jarri zaie, orain artekoa baino %15 merkeago eta hilabeteko eskaerak kenduz; ezkontzetako udal lokalak erabiltzeagatik ez da ordaindu beharko, fidantza eskatuko da bakarrik; oholtza erabiltzeko fidantza kendu egin da; legeak jarduera baimenetan agindutako aldaketa kontuan izan da ordenantza fiskaletan; udaltzaingoaren zenbait txostenen prezioa merketu egin da; Lezon erroldatua egoteagatik aurreikusten ziren hobariak kendu egin dira eta kirol txartela 5 € kobratuko da.

Ogasun batzordean onartutako diktaminak honela dio:

“Ogasuneko batzordearen lehendakariak azaldu ditu 2015. urterako ordenantza fiskalak eratzeko erabilitako irizpideak, ikerketa ekonomikoen eta kontu-hartzailearen informeetan oinarriturik.

Hori ikusirik eta eztabaidatu ondoren, Kontu eta Ogasun batzordeak, 2014ko urriaren 24an egindako bilkuran behean heldu dena, Ainhoa Zabalo, Mikel Arruti eta Angel Portugalen botoa alde dela eta Kepa Garbizu eta Mikel Antxon Arrizabalagaren abstentzioarekin

DIKTAMINATZEN DU:

BAT.- Hasierako onarpena ematea ondorengo Ordenantza Fiskal hauen aldaketari:
0.-Zergen kudeaketa eta bilketaren Ordenantza Orokorra: 2015eko egutegi fiskala
3. Trakzio Mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga.
5. Eraiketa, instalazio eta obren gaineko zerga.
6-3. Jabari publikoaren erabilpen pribatiboa
6-5. Udal lokalak erabiltzearen tasa
7-1. Ura
7-3. Zaborra
7-6. Jarduera Lizentzia
7-7. Jarduera hasteko aurretiko jakinarazpena
7-9. Eskaera bitartez emandako dokumentuak
7-11 Bekoerrota Kiroldegia eta Altzate Igerilekuak.
7-12 Plazeta futbol zelaia

BI: Informazio publikorako hilabeteko epea irekitzea, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta iragarki oholtzan iragarkia argitaratuz, alegazioak aurkez daitezen.”

Kepa Garbizuk dio testuarekin ez duela problemarik, bai ordea zenbait prezio edo tasa kopuruekin. Gogoratu du kontuan izan behar dela Lezo Gipuzkoako bataz besteko errentaren arabera Gipuzkoako 5. herririk bajuena dela. Horregatik hori kontutan hartuta prezio merkeagoak proposatu ditu. Hau da idatziz banatu duen bere proposamena:

ZERGA

ATALA

INDARREAN DAGOENA

GURE PROPOSAMENA

1

1. Ondasun higiezinen zerga

Karga mota

0,3004

%10eko murrizketa. Karga mota berria: 0,27036

2

3. Trakzio mekanikozko ibilgailuen zerga

Ikus ibilgailu moten taula

%10eko murrizketa taula osoan

3

7.1. Ura

Erabilpenak: Etxebizitzak.

Ez dauka "Soldata maila, Profesioarteko Gutxieneko Soldatarekin konparaketa" izeneko murrizpena taularik.

"Soldata maila, Profesioarteko Gutxieneko Soldatarekin konparaketa" izeneko murrizpena taula erantsi . Euroak %ko 10ean handitu.

4

7.3. Zabor bilketa

Etxebizitak eta egoitzak

91,29 €

Kuota 82,16 €tara murriztu 90%

Alkateak dio ekarpenak eskertzen direla baina eskatu dio hurrengoa ez egoteko osoko bilkurararte, lehenago eginda aukera izaten delako ekarpenak aztertzeko. Lezoren egoera zein den jakitun dela dio. Kontuhartzaileak egindako txosten bat aurkeztu du, non konparatzen den Lezo Oarsoaldeako beste herriekin etxe baten ohikoak diren tasak (kontribuzioa, ura, zaborrak,…) eta emaitza da Lezoko zergek direla merkeenak. Azterketa horretan 808 € media ateratzen bada eskualdean Lezon 728 € dira zergak.

Mikel Arruti kejatu da gaurko egunkari batean Kepa Garbizuk dioena ez delako zuzena. Albistean Garbizuk dio Lezon hiri kontribuzioa Donostian baino %56 gehiago ordaintzen dela.

Kepa Garbizuk dio agindu duela zuzenketa.

Diktamena bozkatu da eta onartu da aldeko 5 botoekin (BILDU) eta kontrako 3 botoekin (EAJ-PNV).

2. Oarsotek, S.L. enpresaren Kapital zabalkuntza onartzeko diktamena

Alkateak Ogasun batzordearen diktamena onartzeko proposamena egin du.

Diktamenak honela dio:

“Lehendakariak erabaki proposamenaren berri eman du.

Era berean, Udal Kontuhartzaileak egindako txostenaren berri eman da.

Hori ikusirik eta eztabaidatu ondoren, Kontu eta ogasun batzordeak, 2014ko urriaren 24an egindako bilkuran, Ainhoa Zabalo, Mikel Arruti, Angel Portugal eta Mikel Antxon Arrizabalagaren botoa alde dela eta Kepa Garbizuren abstentzioarekin,

DIKTAMINATZEN DU

BAT: Kapitalaren zabalkundea onartzea, guztira 13.475,00 euroko balioa duten 13.475 partizipazio.

Kapital soziala 29.430 eurokoa izango da, balio bereko partizipazioekin, unitate bakoitzaren balioa euro batekoa izango dela, eta banaketa eta numerazioa hauxe:

Rubitec, S.L: 12.949 euroko partizipazioak (%44a), numerazioa: 483- 1.806. eta 3.011-14.635.

Lezoko Udala: 15.011 euroko partizipazioak (%51a), numerazioa:1- 482 eta 1.807-2.860 eta - 14.636-28.110.

Oarsoaldea, S.A.: 1.470 euroko partizipazioa ( %5a), numerazioa: 2.861 – 3.010 eta 28.111- 29.430.

Lezoko Udalari dagozkion partizipazioen ordainketa kreditu konpentsazioaren bidez egingo da. Hau da, Oarsoaldeak Oartsotek S.L.ri emititutako kredituaren zati bat ezeztatu egingo da eta hori bai Oarsoaldea S.Ak zein Lezoko Udalak egingo duten kapital zabalkundea ordaintzeko erabiliko da.

BI: Lezoko alkatea, Ainhoa Zabalo Loiarte Lezoko alkateari ahalmena ematea formalizatzeko beharrekoak diren agiri guztiak sinatu ditzan.”

Diktamena onartu egin da bilkuran diren zortzi zinegotzien aldeko botoekin (5 BILDU, 3 EAJ-PNV).

3. Zinegotzi karguari uko egitearen berri ematea (2014ID280001)

2014ko irailaren 25ean, kontu eman zaio Udal Osoko Bilkurari, 2014ko abuztuaren 29an Eneko Lartige Zabalekuk (Iñaki Lartigue Zabalecu) aurkeztutako zinegotzi karguaren errenuntzia
Bildu-Eusko Alkartasuna (EA)/Altenatiba Eraikitzen (EA-Alternatiba) zerrendan hurrengoa den Cristian Casillas Lete, errenuntzia aurkeztu du udal erregistroan (2.244 zenbakia) uko eginez zinegotzi izateko eskubideari.
Errenuntzia honen ondoren Bildu-Eusko Alkartasuna (EA)/Altenatiba Eraikitzen (EA-Alternatiba) zerrendan hurrengoa Maria Gemma Cuesta Garmendia da.
Zinegotzi kargua hartzeko, lehenik zinegotzi izateko kredentziala jaso behar da udalean, eta kredentziala egitea Hautesle Batzorde Zentralari dagokio.
Kredentziala iritsi ondoren, ondasun eta inkonpatibilitate aitorpenak egin beharko ditu udal idazkaritzan eta horiek egin ondoren deitzen den osoko bilkura baten aurrean kargua hartu ahal du.
Horiek horrela, Alkatetza honek proposaturik, Udal Osoko Bilkurak ERABAKI DU:
BAT: Udalbatzaren osoko bilkurak Bildu-Eusko Alkartasuna (EA)/Altenatiba Eraikitzen (EA-Alternatiba) hautez zerrendako den Cristian Casillas Leteren uko egitaren berri izatea.
BI: Hutsik geratzen den kargua betetzeko beharrezkoak diren izapideak egiten hasteko agindu eta Hautesle Batzorde Zentralari Maria Gemma Cuesta Garmendiaren kredentziala egitea eskatzea.

4. Foru Aldundiaren eta Lezoko Udalaren arteko Etxez Etxeko Laguntza zerbitzuaren hitzarmen berria onartzeko diktamena (2014GZ360002)

Alkateak irakurri du Gizarte Zerbitzuetako Batzordearen diktamina. Honela dio:

“12/2008 legeak, abenduak 5ekoa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa, Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren eskumena Udalen gain uzten du.

Gizarte Zerbitzuei buruzko 12/2008 Legearen arabera zerbitzu hori udal eskumenekoa bada ere, udalek ezin dute zerbitzu horren finantzaketa bere gain hartu, ez baita gauzatu legearen bigarren eta hirugarren xedapen iragankorretan aurreikusitako finantza doiketa, zeinaren helburua baita Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako Prestazioen eta Zerbitzuen Katalogoa hornitu ahal izateko finantzaketa nahikoa bermatzea.

Hori dela eta, bi administrazioek, kudeaketa publikoaren eraginkortasuna eta Etxeko Laguntza Zerbitzuaren erabiltzaileen arreta hobetzearren, egoki ikusten dute beste lankidetza hitzarmen bat egitea 2005ean sinatu zen eta gero 2013ko abenduaren 31 arte luzatu zen lankidetza hitzarmenean jasotako zenbait alderdi eguneratzeko, besteak beste, hitzarmenaren xedea, zerbitzuaren estaldura-helburuak eta tarifak, eta zerbitzuaren finantzaketa sistema.

Horiek horrela, Ainhoa Zabalo, Naroa Tubillas, eta Ainhoa Intxaurrandietaren aldeko botoekin, eta Enrique Figueroaren abstentzioarekin, Gizarte Zerbitzuetako Batzordeak 2014/10/15ean egindako bileran, behean heldu dena diktaminatu du, Osoko Bilkurak onar dezan.

BAT: Onartzea Foru Aldundiaren eta Lezoko Udalaren arteko Etxez Etxeko Laguntzaren hitzarmen berriaren sinadura.

BI: Alkatea ahalduntzea dokumentu hori edo bera gauzatzeko sinatu beharrekoak sinatzeko.”

Kepa Garbizuk (EAJ) hitzarmenetik ondorioztatzen du orain arteko Aldundiaren laguntza %85ean murrizten dela.

Alkateak dio 12/2008 legearen arabera udalei dagokiela etxez etxeko zerbitzuaren kudeaketa, aldiz Aldundia zahar egoitzen kudeaketara zuzenduko du orain arte udalei etxez etxeko zerbitzuetarako ematen zien diru ekarpena.

Diktamina onartu da aldeko 5 botoekin (BILDU) kontrako 3 botoekin (EAJ).

5. BILDU eta EAJ udal taldeak aurkeztutako mozioa: Konstituzio Auzitegiak Kataluniako kontsulta bertan behera uzteko hartutako erabakiari buruzkoa (2014ALO50034)

Honela dio BILDU eta EAJk aurkeztutako mozioak:

“2014ko irailaren 19an, Kataluniako Parlamentak irailaren 26ko Kataluniako 10/2014 Legea onartu zuen, aldeko 106 botorekin eta aurkako 28rekin. Berresteko ez diren herri-kontsultei eta herritarren parte-hartzeari buruzko lege hori 2014ko irailaren 27an argitaratu zen Kataluniako Generalitatearen Aldizkari Ofizialean.

Halaber, egun bereko aldizkariaren eranskin gisa argitaratu ziren Kataluniako Generalitateko presidentearen irailaren 26ko 129/2014 Dekretua (Kataluniaren etorkizun politikoari buruzko kontsulta deitzekoa) eta horren eranskinak.

2014ko irailaren 29an, Mariano Rajoyren gobernuak erabaki zuen konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoa aurkeztea Konstituzio Auzitegian, eskatzeko legea eta dekretua behin-behinekoz bertan behera utz zitzaiten.

Irailaren 29an bertan, Konstituzio Auzitegiak erabaki zuen bi arau-testuak behin-behinekoz bertan behera uztea.

Horregatik guztiagatik, Lezoko Udaleko Osoko Bilkurak, hau erabaki du:

1.- Lezoko Udalak defendatzen du herriek eta pertsonek beren etorkizuna demokratikoki erabakitzeko askatasuna dutela, berriki Eskozian ikusi den moduan. Izan ere, Lezoko Udalaren ustez, etorkizuna ezin da inposizioekin eraiki, oinarri demokratikoen eta herriek eta pertsonek adierazitako borondate askearen gainean eraiki behar da.

2.- Lezoko Udala ez dago inola ere ados Espainiako Gobernuak aurkeztutako errekurtsoarekin eta Konstituzio Auzitegiak hartutako erabakiarekin, katalanek beren etorkizuna askatasunez erabakitzeko eskubidearen aurkakoak baitira.

3.- Lezoko Udalak eskatzen dio Konstituzio Auzitegiari bi xedapen horiek behin-behinekoz bertan behera uzteko erabakian atzera egiteko eta aukera emateko katalanei 2014ko azaroaren 9an askatasunez adierazteko beren iritzia.

4.- Lezoko Udalak erabaki hau Espainiako Gobernuari, Konstituzio Auzitegiari eta Kataluniako Generalitatari bidaliko dio.

Mozioa aho-batez onartu da aldeko 8 botoekin (5 BILDU udal taldea eta 3 EAJ-PNV).

Aktaren amaiera.

Beste aztergairik geratzen ez denez, alkate-lehendakariak 20:05ean eman dio buru bilkurari. Eta nik, idazkari naizen aldetik, akta 1106215tik 1106220ra arteko zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta horren guztiaren fede ematen dut, eta bilkuran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu egin dute akta hau.

Eguna