2016ko urtarrilak 28

Agiri mota

Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2016ko urtarrilaren 28an, 19:30etan, eratu da OSOKO UDALBATZA OHIKOA egiteko xedez, lehen deialdian, Kepa Garbizu Azkue alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Maria Noemi Arbera Oses, Alfredo de la Puente Pagola, Xubero Ubillos Apaolaza, Enrique Figueroa Laboa eta Irlentz Ortega Ugalde (EAJ-PNV udal taldea), Ainhoa Zabalo Loiarte, Mikel Arruti Salaberria, Ainhoa Intxaurrandieta Ezkurra eta Angel Portugal Formoso (EHBILDU udal taldea) eta Jose Angel Sanchez Gallardo (Euskal Sozialistak-Socialistas Vascos).

Ez dira bileran izan: Garazi Kuesta Unzain eta Igor Cordero de la Fuente (biak EH Bildu udal taldekoak).

Bertan da eta egintzaren fede eman du udal idazkaria den Xabier Loiola Aristik.

Halaber, bertan egon da Pedro Etxarri Ollokiegi, udal kontuhartzailea.

  1. Egoki irudituz gero, 2015ko azaroaren 26ko eta abenduaren 22ko osoko bilkuretako aktak onartzea.

Akta aho-batez onartu dira inolako zuzenketarik gabe.

2.- Kontuhartzailearen txostenak.

Kontuhartzaileak 2015ko ekitaldiko 4. hiruhilabeteko ordainketa epearen informazioa eman du. Deialdiarekin banatutako dokumentazioan egiaztatzen den bezala, aztertutako epealdian ordaintzeko batez besteko epearen ratio globalaren emaitza negatiboa izan da, eta horrek esan nahi du Udal honek fakturak ordaintzeko erabiltzen ari den batez besteko epea legez ezarritakoa dela, alegia, epea 30 eguneko baino txikiagoa dela.

3.- Alkatearen, Organo Kolegiatuetako udal-ordezkarien eta delegatuen txostenak.

Alkateak azken ohiko osoko bilkura geroztik (2015eko azaroaren 26koa) emandako alkate eta zinegotzi delegatuen ebazpenen zerrenda banatu die osoko bilkura osatzen duten taldeei.

Xubero Ubillosek komentatu du datorren astean, otsailaren 2an, Donostiako Eusko Jaurlaritzaren egoitzara deituak izan direla Donostialdeako Lurralde Zatikako Planari Lezoko Udalak egindako alegazioen inguruko azalpen bilera izateko. Bertara alkatea, hirigintza zinegotzi delegatua bera eta udal hirigintza departamentuko teknikariak joango direla. Han tratatzen denaren berri emango dutela dio.

Noemi Arberasek dio San Markoko Mankomunitateak herenegun, urtarrilaren 26an, egindako batzarrean hasierako onarpena eman dio 2016ko aurrekontuari eta udalek egin beharreko ekarpenei eta baita ere hasierako onarpena eman diela isurtegietako et poligonoetako tasa berriei. Ainhoa Intxaurrandietaren galderari erantzunez Noemi Arberasek dio Mankomunitateko batzarrean Lezoko udalaren bi ordezkariek abstenitu egin zirela aurrekontuaren onarpenaren bozketan, azken bi urtetako mankomunitateen aurrekontuen aurkako udal honek beste batzuekin batera tartekatutako auzi helegiteekin koherentziaz.

Ainhoa Intxaurrandietak gogoratu du 2014ko Mankomunitateen aurrekontuen aurkako auzi helegitea onartu duela EAEko Auzitegi Gorenak.

Jose Angel Sanchezek, udalaren bigarren ordezkaria mankomunitatean, gogoratu du beraien abstentzioa bizirik dauden bi auziekin koherente izateko eman dela. Eta gogora ekarri du ere Mankomunitateko lehendakariak esandakoa, proposatutako aurrekontuak aurreko urtekoen ildotik doazela, udalen ekarpenei dagokionez, lehendakariaren esanetan oraindik ez dagoelako epai irmorik eta haiek izan bitarte orain artekoari eustea iruditzen zaiolako egokiena.

Xubero Ubillosek komentatu du 2016ko udal aurrekontuetan adostutako irisgarritasun plana eta Gaintxurizketan parte hartze prozesu baten ondoren egin beharreko inbertsioak zehazteko prozesuari ekingo diola.

Baita ere informatu du Foru Aldundiak Lezoko bi gunetan nekazaritzarako lurrak aterako dituela enkantera: lau lur zati Gaintxurizketako hirukiaren ondoan eta Aipaiziartza baserriaren zati bat eta haren lur zailak ere bai.

Mikel Arrutik Pasai Donibanerako bidegorriaren obrak zertan diren galdetu ondoren, alkateak eta Jose Angel Sanchezek aipatu diote azpiegitura hori gauzatzeko Aldundia eta Madrilen bidez Europara DUSI dirulaguntzak eskatu direla. Eskatu diren dirulaguntzak aipatu dituzte: Donibanerako bidegorriaz gain, baita N-1 zaharra gainetik oinezkoentzako pasabide bat egiteko, Kiroldegi ondoko zubitik Altamirara joateko bidea egiteko eta sare elektrikoa hobetzeko.

Ainhoa Zabalok galdetu du ea Altamirako beheko errotondan oinezkoen segurtasuna hobetzeko ekimen edo obrarik egingo den. Xubero Ubillosek dio udal arkitektoa ari dela aukerak aztertzen.

Alfredo de la Puente dio Musika eskolan hurrengo urteko tasak prestatzen ari direla eta otsaila erdialdera egingo dela Eskola Kontseilua.

Noemi Arberasek dio berdintasun plana garatzeko egitasmoarekin jarraitzen duela udalak eta ekintzak koordinatzeko Elhuyarren aholkularitza kontratatu dela.

Irlentz Ortegak dio laster deituko dela kirol mahaia. Baita ere dio Oarsoaldeako kirol teknikariak biltzen ari direla eskualdeko igerilekuen erabilera amankomunaren eskaintza aztertzeko.

4.- Galde-eskeak.

Irlentz Ortegak dio udal idazkariak azaroaren 26ko bilkuran egin zion albiste zuzenketa eskaerari hurrengo ohiko osoko bilkuran erantzungo diola.

Aktaren amaiera.

Beste aztergairik geratzen ez denez, alkate-lehendakariak 20:15etan eman dio buru bilkurari. Eta nik, idazkari naizen aldetik, akta 1105963tik 1105964ra arteko zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta horren guztiaren fede ematen dut, eta bilkuran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu egin dute akta hau.

Eguna