Lesoinu, musika eta pedagogia ardatz

Hogeita hamargarren edizioa martxoaren 11tik 18ra eta maiatzaren 2tik 7ra ospatuko da

Kepa Garbizu Lezoko alkateak eta Xanti Espina Tomas Garbizu Udal Musika Eskolako zuzendariak Lesoinu Aste Pedagogiko Musikalaren 30. edizioa aurkeztu dute gaur goizean. Aurreko edizioan bezala, bi alditan egingo da musika eta pedagogia ardatz izango dituen jaialdia: martxoan, 11tik 18ra, eta maiatzean, 2tik 7ra.

Lesoinu 2016 Aste Pedagogiko Musikalaren 30. edizioan hemezortzi musika emanaldiak osatuko dute egitaraua, horrela iragarri dute gaur goizean Kepa Garbizu alkateak eta Xanti Espinak. Aurreko edizioetan bezala, musika eta pedagogia izango dira ardatz nagusiak. Nobedadeen atalean, berriz, inoiz baino gonbidatu gehiago izango direla aurreratu dute.

Kepa Garbizu alkateak Lesoinuk hogeita hamar urte hauetan egin duen ibilbidea azpimarratu du. “Aste Pedagogikoa hiru hamarkada hauetan sendotu eta gorpuztu egin da, egun erreferentziazko musika egitasmoa izatera iristeraino. Lezoko Udala musikaren mapan kokatzea lortu du eta hori aitortu behar diogu”.

Jarraian, Xanti Espinak egitarauaren xehetasuna eman ditu. Lehenik eta behin, Tomas Garbizu Musika Eskolako ikasleen emanaldiak aipatu ditu. Guztira bost izango dira, eta gutxi asko 260 ikaslek parte hartuko dute. Bertan izango dira, besteak beste, Musika Banda, txistu eta trikitixa taldeak, eta abar.

Aste Pedagogikoaren 30. edizioan gonbidatuek leku nabarmena hartuko dute, batez ere maiatzean. Finlandiako, Frantziako, Poloniako eta Suediako musikariak izango dira Lezon, Francisco Escudero Musika Kontserbatorio Profesionaleko taldearekin batera. Xanti Espinaren hitzetan, “aukera paregabea izango dugu beste herrialdeetako musika ezagutu eta harekin gozatzeko”.

Egitarauaren xehetasunean ez du ahaztu nahi izan Paddam bikotea (pianoa eta ahotsa) eta Lasaste-Oriako SuBerri Akordeoi Taldea. Elias Goikouriak zuzentzen duen taldeak musika estilo ezberdinak jorratzen ditu: jazza, zarzuela, musika klasikoa, euskal musika, akordeoirako musika, tangoak, baltsak edota polkak.

Eta nola ez, herriko taldeak: Aiton Borda eta Sutargi abesbatzak, Murixka Dantza Taldea eta Muxikoak. “Euren ekarpena ezinbestekoa zaigu egitaraua osatzeko. Pertsonalki eskerrak eman dizkiedan arren, komunikabideak hemen zaudetela aprobetxatuz, publikoki eskertu nahi dut gurekiko azaltzen duten prestutasuna.

Ikasteko aukera
Arestian aipatu dugun bezala, Aste Pedagogikoan musikaz gozatzearekin bat, ikasteko aukera izango dute, bereziki,  Musika Eskolako ikasle eta irakasleek. Horretarako lau saio antolatu dituzte: tailer didaktikoa, musikoterapia, informatika musikala eta musikarekin jolasten.

“Josu Sarasolak musikaren eta informatikaren arteko fusiora gerturatuko gaitu. Itziar Izagirrek, berriz, musikoterapia saioa eskainiko du. Aurreko edizioan gonbidatu genituen, eta harrera oso ona izan zutenez, aurten ere gurekin dira”, azaldu du Xanti Espinak.

“Musika zaletasuna sustatu nahi badugu –jarraitu du Musika Eskolako zuzendariak– ikasleak motibatuta edukitzea ezinbestekoa da, eta halako saiak aproposak dira musikarekiko gertutasuna eta afizioa lortzeko”.

Prentsaurrekoa amaitu aurretik Kepa Garbizuk herritarrak gonbidatu ditu Tomas Garbizu Musika Eskolak antolatu dituen emanaldietara gerturatzeko eta “musikarekin gozatzeko”.

EGITARAUA

  • Martxoak 11. Meb musika talde instrumentala, Gezala Auditorioan, 19.00etan.
  • Martxoak 12. Topaketa korala Telleri (Errenteria), Aiton Borda (Lezo), Zumardikoak (Hondarribi) eta Sutargi (Lezo) abesbatzekin Santo Kristo plazan, 11.00etan.
  • Martxoak 12. Ganbara musika Dúo Paddam taldearekin, Gezala Auditorioan, Estefania S. Wulf (Ahotsa) eta Iñaki Miguel (Pianoa), 19.00etan.
  • Martxoak 12. T.G.L.M.E. musika banda kalez-kale 19.30etik aurrera.
  • Martxoak 13. Erromeria Txalaparta, Txistu taldea, Trikitixa taldea, Murixka Dantza Taldea, Muxikoak... Gurutze Santuaren Plazan, 12.00etan.
  • Martxoak 14. Kotzertu pedagogikoa T.G.L.U.M.E.ko irakasleekin eta ikasleekin, Gezala Auditorioan, 11.00etan.
  • Martxoak 15. Tomas Garbizu LUMEko ikasleen kontzertua, Gezala Auditorioan, 18.00etan.
  • Martxoak 16. Musikoterapia Itziar Izagirrerekin, Musika Eskolan, 11.00etan.
  • Martxoak 16. Informatika musikala Josu Sarasarekin, Gezala Auditorioan, 16.45ean.
  • Martxoak 16. Musikarekin jolasten Itziar Izagirrerekin, Musika Eskolan, 17.00etan eta 18.00etan.
  • Martxoak 16. Tomas Garbizu LUMEko ikasleen kontzertua, Gezala Auditorioan, 18.00etan.
  • Martxoak 17. Lantegi didaktikoa (Perkusioa, trikitixa, pianoa, gitarra, txalaparta eta txistua) Tomas Garbizu LUMEko irakasleekin eta ikasleekin, Musika Eskolan, 17.00etan.
  • Martxoak 18. Akordeioi kontzertua SuBerri akordeoi taldearekin, Gezala Auditorioan, 19.30ean.
  • Maiatzak 2. Ganbara musika Francisco Escudero Musika Kontserbatorio Profesionaleko taldeekin, Gezala Auditorioan, 19.00etan.
  • Maiatzak 4. Musika korala Laulujoutsenet Choir (Nurmaijärv-Finlandia) abesbatzarekin, Gezala Auditorioan, 19.00etan.
  • Maiatzak 6. Kontzertua Crolles Orkestra eta Abesbatzarekin, Gezala Auditorioan, 19.00etan.
  • Maiatzak 7. Kontzertua Polish Association of Music Schools (Mielec-Polonia) bandarekin, Santo Kristo Plazan, 12.30ean.
  • Maiatzak 7 Kontzertua bandarekin eta Majorettesekin (Svenljunga-Suedia), Santo Kristo Plazan, 12.30ean.
     

 

Arloa edo saila