Altamirako ekipamenduak hobetzeko parte-hartze prozesua

Az, 2014-03-26 12:09

Larunbatean, hilak 29, udal ordezkariak auzotarrekin bilduko dira, eta apirilaren 12rako behin betiko proiektua onartzeko galdeketa egitea aurreikusten da

Ainhoa Zabaloalkateak Udalak aurten martxan jarriko duen bigarren parte-hartze prozesuaren berri eman du gaur goizean prentsa aurrean egindako agerraldian –lehena II. Berdintasun Planaren diseinua da–. Oraingoan, Altamira auzoan egingo da, bertako auzotarrekin. Parte-hartze prozesu berriaren xedea zein ekipamendu hobetu behar den erabakitzeko izango da.

Lezoko Udalak eta Altamira auzoko bizilagunek 2014 urtean auzoa hobetzeko zein ekipamendu zaharberritu erabakiko dute parte-hartze prozesu bidez. Horrela eman du jakitera gaur goizean Ainhoa Zabalo alkateak. Modu horretan, Udalak lezoarrekin hartutako konpromisoa berresten du, herritarrei hitza eta erabakitzeko ahalmena emanez.

Parte-hartze prozesuaren helburua Altamira auzoan egin beharreko inbertsioak zehaztea da, Udalak auzo-ekipamenduak hobetzeko 2014 urtean aurreikusitako diru partida gorde baitzuen –40.000 mila euro inguru–. Ainhoa Zabalo alkateak azaldu duenez, “urtero partida bat gordeko bat auzo-ekipamenduak hobetzeko, eta urtero auzo bateko ekipamenduak hobetuko dira. Aurten Altamira auzoan egitea erabaki dugu, behar gehien duen auzoa dela uste dugulako”.

Horretarako bi bilera egingo dituzte Altamirako bizilagunekin. Lehenengoa larunbatean, martxoaren 29an, 11:00etan Altamira Auzo Elkartean. Bertan, Udalak auzoko ekipamenduak hobetzeko bere proposamena aurkeztuko du –bizilagunek egindako eskaerak aintzat hartuta osatu da–. Besteak beste, haur parkea berritzea, aulkiak aldatzea edo-eta goroldioz beteta dauden paretak garbitzea jasotzen da proposamenean.

Eta proposamena baino ez dela argitu du alkateak. “Litekeena da auzotarrek beste proposamenen bat egitea, edo bat baino gehiago. Guztiak hartuko ditugu aintzat, eta guztien bideragarritasun plana aztertuko da. Ondoren, bigarren bilera batean, galdeketa bat egingo dugu, aurkeztu diren egitasmo guztien artean auzotarrek erabaki dezaten zein proiektu gauzatu”.

Jarraian, larunbateko bileraren metodologia azaldu du. “Lau bloketan banatuko da: sarrera, gure proiektuaren aurkezpena, auzotarren proiektuen aurkezpena eta balorazioa”.

Udalak aurkezten diren egitasmo guztien bideragarritasuna aztertzeko konpromisoa hartu du, “hamabost eguneko epean”, argitu du Ainhoa Zabalo alkateak. Eta bigarren bilerako data aurreratu du: “Apirilaren 12an izango da, goizeko 11:00etan Altamirako Auzo Elkartean. Egun horretan galdeketa egingo dugu, auzotarrek aukera dezaten gauzatu beharreko egitasmoa”.

Parte hartzeko deialdia

Prentsaurrekoa amaitu aurretik, Ainhoa Zabalo alkatea Altamirako auzotarrengana zuzendu da –aurrez Auzo Elkarteko arduradunekin elkartu da, parte-hartze prozesuaren berri emateko–. “Larunbatean zabalduko dugun prozesuan parte-hartzera animatzen zaituztet, parte aktibo izatera. Zuen iritziak, iradokizunak edo-eta ekarpenak entzun nahi ditugu, azken finean, zuek ezagutzen duzuelako inork baino hobeto auzoa, eta bertan dituzuen beharrak. Gure aldetik, proiektu guztien bideragarritasun plana aztertzera konprometitzen gara. Eta bideragarriak diren proiektuekin galdeketa egitera”. 

Arloa edo saila