Irailaren 13tik 16ra bitartean jai giroa nagusi izango da Lezon

Og, 2019-09-05 18:42

Ostiraletik hasita astelehenera arte, haur, gazte eta helduen gozamenerako ekintza eta ekitaldi ugari izango dira Santakrutz jaietan. Udaletik halaber, eraso sexistarik gabeko jai parekideen aldeko aldarria egin dute beste behin, festak jai giroan eta bakean igarotzeko.

Uda amaitzear dago eta urtero legez, lezoarrok festa giroan agurtzen dugu udaldia, Santakrutzen ospakizunarekin. Jai Batzordeak hala erabakita, aurtengo festek ere, iaz bezala 4 egun iraungo dute eta irailaren 13tik 16ra bitartean ospatuko dira. Gaur goizean, prentsaurrekoan aurkeztu dute 2019ko egitaraua, Jesus Maria Martiarena alkateak eta Laura Martinezek, hil honetan bertan Berdintasun zinegotzia izendatuko duten lezoarrak.

Bertan, udal ordezkariek aurtengo jaietako egitarauari dagozkion zehaztasunak azaldu dituzte. Nabarmendu dute Udalak, herriko kulturarekiko azaldutako konpromisoa mantenduz, urtetik urtera inbertsio handiagoa egin duela herriko jaien antolakuntzan, eta aurten aurrekoetan baino diru partida handiagoa bideratu duela jaien antolaketarako, iaz baino 8.441€ gehiago (guztira 63.903,09€), hain zuzen. Gauzak horrela, herritar guztiei jaiez gozatzeko aukera eskaintzea helburu duen egitaraua osatu da.

Horrez gain, egitarauko berritasun eta berezitasunei ere erreparatu diete. “2019ko Santakrutzetako egitarauak urtero ospatu ohi diren ekintza eta ekitaldiak jasotzen ditu, baina horiez gain baditu berritasunak ere”, azaldu dute. Horien artean, su artifizialak bi egunetan jaurtiko direla aurreratu dute. “Iaz Udalak apustu egin zuen su artifizialen emanaldia egitarauan txertatzeko eta herritarren artean izandako harrera ona ikusirik, aurten hori mantendu eta saio bat gehiago eskaini nahi izan dugu. Horrela, suak bi egunetan jaurtiko dira, larunbatean eta igandean, hain zuzen”, azaldu du alkateak.

Berritasunen artean, halaber, igande arratsaldean eskainiko diren bi dantza emanaldiak ere nabarmendu dituzte. “Kukai eta Brodas Bro eta Maduixa emakume talde valentziarrak eskainitakoak izango dira. Bi taldeek eskarmentu handiko ibilbide profesionala dute eta horren baitan, arte eszenikoei dagozkien MAX saria ere jaso dute biek, beraz, gustu eta kalitate handiko bi saio ikusteko aukera izango dute herritarrek”.

Horrez gain, joan den urtean berreskuratutako jubilatuen bazkaria mantendu egiten da eta baita danborradako argiztapena ere. Baserritarren Eguna halaber, astelehenera pasa da berriro.

Ekintza eta ekitaldiz jositako egitaraua

“Jaiak iraungo duten lau egunak lagunartean eta familia giroan gozatzeko aukera izango dira, herritar guztien gustukoak izango diren jarduera eta ekitaldi ugari antolatu baitira” adierazi du alkateak.

Aurtengo egitarauak, beraz, ekintza eta ekitaldi andana jasotzen ditu, haur, gazte zein helduei zuzenduta, baina iaz bezala, festen egitaraua osatzeko garaian, Jai batzordeak oso kontutan izan ditu bai gazteak bai eta herriko haurrak ere eta hori dela eta protagonismo berezia dute egitarauan. Edonola ere, Jai Batzordeak ilusioz eta esfortzu handiz egin du lan egitaraua osatu eta antolatzeko eta horregatik, alkateak eskerrik beroenak eman dizkie egindako lanagatik.

Horiek horrela, ostiraletik astelehenera bitartean kolore guztietako ekintzak ospatuko dira herriko gune eta plaza guztietan. Berritasunez gain, egitarauak urtero ospatzen diren ekintza eta ekitaldiak ere jasotzen ditu. Horiek horrela, alkate txikien pregoiarekin emango zaie hasiera jaiei eta hurrengo lau egunetan, besteak beste, honako ekintza eta ekitaldiez gozatzeko aukera izango dute herritarrek: danborrada –aurreko bi urteetan bezala argiztapenarekin- “arrantzale” eta “tartekoen” bazkaria –urtetik urtera gero eta arrakastatsuagoa- herri kirolak, pilota partiduak, baserritarren eguneko ohiko ekintza guztiak, zezen suzkoa, diana, inude eta artzainen desfilea… Herri kiroletan ere punta puntako kirolariak: Aitzol Atutxa, Iker Vicente eta Jokin Eizmendi besteak beste.

Aipatu ekintza horiez gain, esan bezala, jai egitaraua haur, gazte zein helduen gozamenerako antolatutako ekintzez osatua dago, horrenbestez, adin guztietako herritarrek gozatu ahal izango dute jaiez. Etxeko txikienentzat, adibidez, buruhaundi eta erraldoien kalejirak, puzgarriak edota txikien krosa antolatu dira. Gazteentzat, halaber, disko festa edota zinta lasterketa. Horiez gain, tortilla txapelketa, entsalada lehiaketa, dantza, kalejirak, motozaleen irteera…

Eta nola ez, musika emanaldiak ere izango dira aurtengo jaietan: ostiralean, Allerru, Altzate, Ixkulin eta Tiñelu elkarteetako helduen danborrada eta horien topaketa Gurutze Santuaren plazan, larunbatean, su artifizialen ostean, Kaotiko eta DJ Map-h izango dira Saldise plazan eta astelehenean, jaiak agurtzeko, Tomas Garbizu Lezoko Udal Musika Eskolako bandaren kontzertua.  

Errespetuan eta berdintasunean oinarritutako jai parekideen alde

Jaien atarian Lezoko Udalak bizikidetzaren eta errespetuaren aldeko aldarria egin du beste behin. Horren harira, Laura Martinezek, hil honetan bertan berdintasun zinegotzia izendatua izango denak ondorengoa adierazi du: “Lezok ez du indarkeria matxistarik onartzen eta edozein motako eraso zein jarrera sexistak gaitzesten ditu. Baietzik gabe ezetza da, beti”. “Lezon jai parekideak bizi nahi ditugu, gauez zein egunez lasai kalera irten eta jaiez, emakumeek zein gizonek, berdintasunean eta errespetuan, inolako beldurrik gabe elkarrekin gozatu ahal dezagun” gehitu du.

Ildo horretan, urtero bezala, kartelak eta pankartak jarriko dira herrian, baina horrez gain, Udalak herritarrei dei egiten die jaiak errespetuan oinarrituta goza ditzaten. Larunbatean, gainera, Emagin elkartearen “indarkeriarik gabeko gunea” egongo da Saldise plazan, 21.00etatik aurrera, hiru orduz, eta Laura Martinezek eskaera pare bat ere luzatu nahi izan dizkie, batetik gizonezkoei,etxeetan zaintza eta beste lanak banatzea, denek (gizonek zein emakumeek) jaiez gozatzeko aukera izan dezagun” eta, bestetik tabernariei, “euren tabernetan eraso sexistarik ez onartzeko eta matxista ez den eta emakumeak errespetatzen dituen musika jartzeko”.

Programa APP-an eskuragarri

Amaitzeko, gogorarazi dute, azken urteetan bezala, jai egitaraua eta kultur programazio osoa Lezoko Udaleko APPan eskuragarri dutela dagoeneko herritarrek eta, bide batez, gogorarazi dute bihar banatuko dela etxez etxe.

Arloa edo saila