2001.eko Maiatzaren 11ekoa

    Agiri mota


    Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2001eko maiatzaren 11an, 19:05 orduetan eratu da OSOKO UDALBATZA, OHIKO BILKURA egiteko xedez, lehen deialdian, Aitor Sarasola Salaberria (EH) alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Mikel Mitxelena Iza (EH), Imanol Esnaola Arbiza (EH), Juli Del Sol Bermejo (EH), Inmaculada Muñoz Martínez (EH) eta Iñaki Zabaleta Zabala (EH).

    Ez dira bertan, Xabier Alegria Loinaz, (EH), egun presondegian eta aurrez ezin etorriaren berririk eman gabe, Pello Garbizu Azkue (PNV), Jesus Mª Martiarena Jaka (PNV), Mikel Antxon Arrizabalaga Brusin (PSE), Ainhoa Villanúa Ayuela (PSE), Iñake Urrestarazu Azurmendi (EA) eta Gurutze Sein Cordero (EA).

    Bertan da eta egintzaren fede eman du Xabier Loiola Aristi, udal idazkariak.

    1.- EGOKI IRUDITUZ GERO, 2001EKO MARTXOAREN 16KO OHIKO BILKURAKO AKTA ETA 2001EKO APIRILAREN 6AN ETA 18AN EGINDAKO OHIZ-KANPOKO BILKURETAKO AKTAK ONARTZEA.

    Zuzenketarik egin gabe, bertan direnek aktak onartu eta sinatu egin dituzte.

    2.- ALKATETZAREN ERABAKIEN KONTU EMATEA: 2000. URTEKO LIKIDAZIOAREN ONARPENA.

    2000. urteko likidazioa onartzen duen Alkatearen 49. Dekretuaren berri eman du alkateak. Era berean, atzo, osteguna, egindako Hazienda Batzordean zehatz-mehatz landu zutela gogorarazi du.

    3.- PROPOSAMENA, HASIERAKO ONARPENA EMATEKO 107 POLIGONOKO (INDUSTRIAL SALVA) ARAU SUBSIDIARIOEN ALDAKETAREN DOKUMENTU BERRIARI.

    Deialdiarekin batera banatutako proposamena aurkeztu du alkateak, baina bilkura honetan dauden zinegotzien kopurua aldaketaren dokumentu berriari hasierako onarpena emateko behar diren botoen bestekoa ez denez, zazpi boto behar baititu, hurrengo osoko bilkuraren batean lantzeko gaia mahai gainean uztea proposatu du.

    Proposamena aho batez onartu dute bertan diren zinegotziek.

    4.- Proposamena, UAD-6 eta SG-5 (Donibane kalea) eremuetako arau subsidiarioen aldaketaren aurrerapen dokumentuari egindako iradokizunak erantzuteko.

    Proposamena onarpenera jarri du alkateak. Honela dio hitzez hitz:

    “Udalak, abenduaren 29ko Osoko Bilkuran, UAD 6 eta SG 5 esparruen arau ordezkatzaileei buruzko aldakuntza dokumentuaren aurrerapena onartu zuen.

    Azalpen publikoak iraun duen bitartean, iradokizunak dituen dokumentu bakarra aurkeztu da, EAJ eta EA taldeetako zinegotziek izenpetutakoa.

    Lehenengo iradokizunak dio ez zaiela bidezkoa iruditzen lursail publikoa izango dena Donibane kaleko 18 eta 20 zenbakidun etxebizitzen jabeei aprobetxamenduaren balizko defizitak konpentsatzera zuzenduta egotea, kontuan izanik aldakuntzak ez duela SG5arengan eraginik izan behar eta honek Sistema Orokorra izaten jarraitu behar duela.

    Udaleko arkitekto-aholkulariaren txosten teknikoan jasotzen diren argudioen arabera, kale berri bat irekitzeak (Behin-behineko Estrategiaren 4. puntua), 18. eta 20. zenbakietako jabeen aprobetxamenduen murrizketa dakar. Kontuan hartuz hauek konpentsatzeko moduetariko bat jarduera-eremu bereko aprobetxamendu publikoak ematea izan daitekeela, S.G.5en helburua zehaztuz eta honen aprobetxamenduaren ahalik eta handienari eutsiz (aipatutako Behin-behineko Estrategiaren 2. eta 5. puntuak), hauxe uste dut: proposatutako baterako jarduerak ez dituela hausten Udalak onartutako hirigintza-aurreikuspenak, baina 1998ko apirilak 7an plenoak onartutako Hirigintzako Diagnostikoan planteatu zen bezala garatzen ditu. Honengatik guztiagatik iradokizun hau ez onartzea proposatzen dut.

    Bigarren iradokizunean adierazten da edozein hitzarmen izenpetu baino lehen Donibane kaleko 18.zenbakiaren ondoko orubearen jabea nor den jakin behar dela.

    Txosten teknikoa kontuan hartuz iradokizuna onartzea proposatzen da.

    Hirugarren iradokizunean, a eta b puntuetan, data baten eta etxebizitza zenbakien zuzenketa egitea proposatzen da. Txosten teknikoa kontutan hartuz iradokizuna onartzea proposatzen dut. C puntuan ulertezina den paragrafo bat dagoela esaten da. Kentzea proposatzen da. Baita ere, eraikuntza-perfilei dagokien azterketa zehatzago bat proposatzen da. Txosten teknikoaren arabera, proposatzen dut kale berriaren alde bietan hauen aldameneko eraikinenak mantendu behar direla. Honela, OR-09 planoan marraztutakoak ontzat ematen dira.

    Laugarren iradokizunean, guztiz onartezina iruditzen zaie herri ekipamenduaren erabilerarako aurreikuspenaren kokapena 3. zenbakiko esparruan kokatzeke dagoen eraikineko behean edo erdisotoan egitea.

    Txosten teknikoari jarraiki, SG5en lursailaren aprobetxamenduen deskribapena argitzea proposatzen dut, erabilerei buruz aritzen den ataleko lehen paragrafoa ordezkatuz, 3.esparruan honela esan beharko duelarik:

    • Sotoko oina, ibilgailuentzako aparkaleku gisa (plaza irekiak eta itxiak) eta eraikinaren zerbitzu arruntetarako izango da bakarrik. Trasteleku gisa erabiltzeko aukera ere onartzen da, betiere eraikinaren goiko bizitzen edo lokal komertzialen erabilerari loturik egon behar dutelarik.


    Era berean, atal bereko azken paragrafoa ondorengo testu honengatik ordezkatzea proposatzen da:

    Arestian araututakoa gora-behera, Udalak egokitzat joko balu, beheko oina eta jarraian egongo liratekeen goiko beste batzuk herri-ekipamendurako erabili ahal izango lituzke (etxebizitzekiko sarrera independentea izanik).

    Laugarren iradokizunak dio bertan ez dela azaltzen babestutako lau etxebizitza egitearen aukera, 1999. urtean Alkatetzak Foru Aldundiari proposatu zion moduan.

    Udal arkitekto-aholkulariaren txostenean jasotakoari jarraiki, ekipamendu hori bertan jartzeko orubeak baldintzarik egokienak betetzen ez dituenez eta beste orube publikoren batean kokatzeko aukera dagoenez, azken iradokizun hori aintzat ez hartzea proposatzen dut”.

    Proposamena aho batez onartu dute bertan diren zinegotziek, hots, udalbatza osatzen duten hamahiru kideetatik seik.

    5.- Mozioa, Euskal Herritarrok Taldeak aurkeztua, Gizarte Zerbitzuetako eskumenen banaketa eginez Gipuzkoako Foru Aldundiak onartutako Dekretuari buruz.

    Inma Muñoz zinegotziak aurkeztu du mozioa. Hiru mezu nagusi dituela adierazi du: bat, foru dekretua bera salatzea; bi, eskumen banaketa berria finantzatzeko fondo berri bat gauzatzeko aldarrikapena; eta hiru, udalen eta aldundiaren arteko komunikaziorako erakunde bat sortzeko eskaera.

    Mozioak honela dio hitzez hitz:

    “Gizarte Zerbitzuak aurrera eramateko Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizartekintza eta Gipuzkoako Udalen artean sinatutako hitzarmenaren balioa 2000ko abenduaren 31an amaitu zen. 2001eko urtarrilaren 30ean Gipuzkoako Foru Aldundiak Gizarte Zerbitzuetako eskumenen banaketa zehazten duen Dekretua onartu zuen. Dekretu honetan egiten den eskumen banaketarekin sartu gabe, izan ere oinarrizko programak eta komunitarioak, hala nola hauen egitura udal eskumena izatea eta programa espezializatuak eta hauen egitura Foru Aldundiaren eskumena izatea ez da kuestionatzen. Aitzitik, kuestionatzen dena zera da: programa hauen finantzaketa era, dauden beharrak eta horiei emango zaizkien erantzunak, orain arte sortutako eta aurrerantzean sor litezkeen egituren mantendua eta batik bat herri ezberdinetan dauden errealitate guztiz ezberdinei emango zaien erantzuna.

    Bestalde, arestian aipaturiko hitzarmena bukatu ondoren, Diputazioak Udalei ez die inolako azalpenik eman Udaletatik aurrera eramaten diren Gizarte Zerbitzuak gauzatzeko erari buruz, honek herrietan zerbitzuak eskaintzeko orduan nahasketa suposatu duelarik. Azkenean, martxoaren erdialdera Diputazioak bidalitako informazio-eskaera batzuk jaso dira, non Udalei datu batzuk eskatzeaz gain zerbitzu zehatz bati buruz Diputazioaren baimenaren beharra adierazten den. Honek gaia argitu beharrean, kasu askotan, lehen esandako nahasketa hori areagotu egin du.

    Goian adierazi dugun guztiagatik, Lezoko Euskal Herritarrok taldeak Udal Osoko Bilkurari ondorengo mozio hau aurkeztu dio eztabaidatua eta onartua izan dadin:

    MOZIOA

    1. Prozesu honetan eman den Udal Autonomia eza salatu nahi dugu. Foru Aldundiak urtarrilaren 30eko 4/2001 Foru Dekretuaren bidez eginiko Gizarte Zerbitzuen eskumen banaketa Udalekin kontatu gabe egin baitu, nahiz eta Udalen gain eskumen ugarai geratzen diren. Horrela, Udalek aztertzeko, proposatzeko, eztabaidatzeko eta erabakitzeko daukaten eskubidea zapalduz eta eskubide hau bereganatuz.

    2. Udal guztiek errealitate berdina ez daukatenez, ez finantziazioari dagokionez ezta ere beharrei eta eskaerei dagokionez, Gipuzkoako herrietako errealitate ezberdinei erantzun egokia bilatzeko bitartekoak jartzea eskatzen diogu Foru Aldundiari.

    3. Foru Aldundiari, Udalek lehen aipaturiko Dekretuan ezartzen zaizkien eskumenak aurrera eraman ahal izateko finantziaziorako Foru fondo bat eratzea eskatzen zaio, horrela Gipuzkoako herritarren eskubideei dagokionez eman daitezken ezberdintasunak erauziz eta lehen eta bigarren mailako herritarrak egotea ekidituz.

    4. Foru Aldundiaren eta Udaletxe honen artean, eremu teknikoan eta politikoan, Kanalerapenerako, komunikaziorako, solaserako eta adostasunerako sei hilabeteko aldizkakotasuna izango lukeen egitura iraunkor bat sortzea. Egitura honen xedea herri nahiz lurralde mailan jarduera-lerro koherenteak diseinatzea izango da.

    Mozio honen berri Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Batzar Nagusiei ematea”.

    Bertan diren zinegotziek aho batez onartu dute mozioa.

    6.- Proposamena, hasierako onarpena ematea Euskal Udal Intsumituen Mankomunitateko estatutuen aldaketari.

    Alkateak, derrigorrezko soldadutzaren desagerpenaren ondorioz sortutako egoera berriak dakarren ezinbesteko egokitzapentzat aurkeztu du proposamena.

    Proposamenak honela dio:

    MOZIOA

    EDUDIMAKO ESTATUTOEN ALDAKETA

    “4. artikulua. Helburuak.

    EUDIMAren helburua, Euskal Herria ez militarizatu batera iristea da, horretarako behar diren baliabide tekniko, ekonomiko eta pertsonalak jarriz.

    5. artikulua. Funtzioak.

    EUDIMAk bere helburuak lortzeko honako funtzio hauek bereganatuko ditu:

    1. Intsumitu errepresaliatuen jarraipena.
    2. Gazteei, Udalei eta hautetsi publikoei behar den aholku eta asistentzia juridikoa eskeini.
    3. Epaiketen aurrean babesa adierazi.
    4. Desmilitarizazioaren alde, berau bultzatzeko, eta areztian adieraziriko helburuak lortzera bidean, beharrezkoak ikusi daitezkeen ekimenak burutu eta iniziatibak sortu”.


    Bertan diren zinegotziek aho batez eman diote hasierako onarpena proposatutako aldaketari eta hogeita hamar egun jendaurrean jarriko da testuari alegazioak aurkezteko.

    7.- Mozioa, A-8 autopistaren doakotasunaren aldekoa.

    Mikel Mitxelenak aurkeztu du mozioa; honela dio hitzez hitz:

    “A-8 DOAN AKORDIO SOZIALA honako puntu hauek aurkezten dizkio Lezoko Osoko Udal Batzarrari bertan onartuak izan daitezen:

    1. Lezoko Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzen dio kontzesioa ez luzatzeko eta A-8 autobidean bidesari berria ez ezartzeko konpromezua har dezala, eta horrela, 2003. urtean kontzesioa amaitzen denean, aipatu azpiegiturak Gipuzkoako Lurraldean duen ibilbide osoa erabat doan izan dadila.

    2. Lezoko Udalak, Euskal errepide guztien eskuduntza, Euskal Herriko instituzioen eskuetan egon behar dela aldarrikatzen dute, herriaren lurralde antolaketarako funtsezko baliabideak direla kontuan izanik.

    3. Errepideak herritar guztien mesedetara eta zerbitzura jarri beharra aldarrikatzen dugu”,

    Bertan diren zinegotziek aho batez onartu dute mozioa.

    8.- Xabier Alegría Loinaz zinegotziaren kargu uztearen kontu ematea.

    Alkateak aditzera eman du maiatzaren 8an sarrera emandako idatzian Xabier Alegría Loinazek zinegotzi kargua uzteko borondatea azaldu duela.

    Imanol Esnaolak dio uko egitea Euskadiren subiranotasunaren aldeko borrokaren aurka Espainiar Estatuko Gobernuak daraman politika errepresiboaren ondorioa dela. Honela, Xabier Alegría bere herritik urrun dagoela, ezin ditu bere hautetsi karguari dagozkionak udal honetan eta Udalbiltzan askatasunez burutu. EAJ eta EA talde abertzaleen jarrera salatu du, egoera honetaz onura politikoa ateratzen saiatu baitira, Baltasar Garzónen eta bere sumarioen azpijoko zikinari jokoa eginez.

    Indarrean dagoen legeriaren arabera (Hauteskunde Lege Organiko Orokorra, 182., 184f eta 203. artikuluak eta 2568/1986 (AJA) Araudiaren 9.4. artikuluak) udalbatzak gertatutakoaren berri izan behar du eta ordezkoa izendatzeko izapideak hasi behar ditu.

    Udal hauteskundeen hautetsien zerrenden arabera, Hautesle-batzorde Zentralari dagokio Patxi Iñarra Sanzberrori kredentziala egitea. Hala ere, pertsona honek ere maiatzaren 8an sartu duen idatzian hautetsien zerrenden arabera zegokion zinegotzi kargua hartzeari uko egin dio. Honetaz, Hautesle-batzorde Zentralari dagokio Iñaki Labaka Loperenari kredentziala luzatzea.

    Horregatik guztiagatik, udalbatzaren osoko bilkurak bi uko egite hauen berri izan du eta hutsik dagoen kargua betetzeko beharrezkoak diren izapideak egiten hasteko agindu du.

    Alkateak Xabier Alegría Loinazi eskerrak eman dizkio batzarkide bezala egindako lanengatik.

    Imanol Esnaolak Xabier Alegría udal aholkularia izendatzea proposatu du eta Lezo herriari bere uko egite idazkia paper ofizialean jakinaraztea. Idazkariaren galderari erantzunez, Alkateak dio udal aholkularia izateak udalbatzak egiten duen dokumentazioa igortzean eta udal-gaien berri izatean datzala.

    Imanol Esnaolak proposaturikoak aho batez onartu dituzte bertan diren batzarkideek.

    9.- Galde-eskeak.

    Salva, S.A. enpresa industrialeko langile batek, jendartetik galdetu du osoko bilkura honetan mahai gainean geratu den eta enpresaren etorkizunarentzat eta euren lanpostuei begira hain garrantzitsua den hirigintzako aldaketa nola geratu den.

    Alkateak gaurko osoko bilkuran aurkeztutako proposamenaren edukia azaldu dio eta bideratzeko zazpi boto behar direla esan dio.

    Aktaren amaiera.

    Beste aztergairik geratzen ez denez, Alkate-lehendakariak 19:35 orduetan eman dio buru bilkurari. Eta nik, Idazkari naizen aldetik, akta 225.573.etik 225.579.era arteko zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta horren guztiaren fede ematen dut, eta bilkuran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu egin dute akta hau.

    Eguna