Euskadi mailan 2030 Agenda nola ezartzen ari da?
Lurraldearen garapen iraunkorraren aldeko lehen estrategia 2002 urtean onartu zuen Eusko Jaurlaritzak, ondoren, 4-5 urteko iraupena duten ingurumen-esparru programen bidez aurrera eraman izan dena. Hala eta guztiz ere, 2002 urtean onartutako estrategiak, batez ere, ingurumena zuen ardatz eta ez horrenbeste garapen iraunkorraren alderdi soziala eta ekonomikoa. Hori dela eta, 2015 urtean Nazio Batuen Erakundeak onartutako Garapen Iraunkorrerako 2030 Agendak sortutako aukera baliatuz, 2018 urtean Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzak “Basque Country 2030 Agenda” estrategia onartu zuen, garapen iraunkorraren alde indarrak batzea eta gure lurraldearen konpromisoa mundu-mailan erakustea bilatzen duena. Bertan jasotzen da Eusko Jaurlaritza bat datorrela Nazio Batuen Erakundeak munduaz duen ikuspegiarekin: “Pertsonengan zentratutako mundu bat, planetaren babesarekin eta bizikidetza baketsuarekin konprometitutakoa, aliantza- edo itun-eredu baten bitartez oparotasuna lortzeko gaitasuna duena.”.
Lurralde mailatik udalerri mailara jaitsiz, EAEko zenbait udal hasiak dira 2030 Agenda euren errealitatera egokitzeko lanketa estrategikoa burutzen. Aipatu lanketa errazteko asmoz, Eusko Jaurlaritzak baliabide ezberdinak jartzen ditu udalen esku; hala nola, 2030 Agenda tokiko mailan ezartzeko gida, interesa duten udalei zuzendutako eskualde mailako gogoeta egiteko lan-taldeak osatzea, eta abar. Udalez gain, bestelako eragileek ere zeresan handia dute Garapen Iraunkorrerako Helburuen ezarpenean eta horien artean aipa daitezke, esaterako, unibertsitateak, enpresak eta elkarteak. Eta, nola ez, herritarrek ere bai.