1998.eko Otsailaren 18ekoa

Agiri mota

Lezon, mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko otsailaren hemezortzian, 19:00 orduetan bildu da, Udaletxeko biltzar areto nagusian UDALBATZA OSOA bere EZOHIKO ETA PREMIAZKO BILKURA egiteko, lehen deialdian, Mikel Arrizabalaga Pikabea alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Jose Luis Ruiz Navarro, Joana Mª Salaberria Lizarazu, Maixabel Unzain Zapiain, Agustina Pontesta Garmendia, Rafael Salaberria Etxezurieta, Jesus Mª Etxebeste Bengoetxea, Jose Mª Boto Sancho, Nicanor Barradas Piris, Iñake Urrestarazu Azurmendi, Mirari Rekalde Gonzalez, Jesus Mª Martiarena Jaka eta Pello Garbizu Azkue.

Jesus Mª Etxebeste Bengoetxea eta Jose Mª Boto Sancho aztergai zerrendako bigarren puntua, kiroldegiko obren adjudikazioari dagokiona, aztertzen hasterakoan heldu dira bilkurara.

Xabier Loiola Aristi aritu da idazkari gisa eta Patxi Apalategi Mendizabal itzultzaile gisa.

1.- BILKURAREN PREMIAZKOTASUNA BERRESTEA.

Alkateak azaldu dizkie zinegotziei udalbatzaren bilkura ezohikoa eta premiazkoa deitzeko arrazoiak: bere iritziz, ez da egokia kiroldegia bukatzeko obren hasiera luzatzea. Aldez aurretik batzorde informatzaileetan trataturiko gaiak direnez eta udalbatzaren bilkura ihauterien hasierarekin batera edo ostiralean gerta ez dadin, premiatasunez deitzea erabaki du, eta bertan diren zinegotziei eskatu die premia hori berrets dezaten.

Deialdiaren premiazkotasuna berretsi dute alkateak berak eta momentu horretan aretoan bertan diren Herri Batasunako bost zinegotziek (Jose Luis Ruiz Navarro, Joana Mª Salaberria Lizarazu, Maixabel Unzain Zapiain, Agustina Pontesta Garmendia, Rafael Salaberria Etxezurieta) eta Jesus Mª Martiarena Jakak. Nicanor Barradas Piris, Mirari Rekalde Gonzalez, Iñake Urrestarazu Azurmendi eta Pello Garbizu Azkue abstenitu egin dira. Premiazkotasuna, beraz, berretsi egin da eta osoko bilkura egitea erabaki da.

Jesus Mª Etxebeste eta Jose Mª Boto aretoan sartu dira eta bakoitzak bere tokia hartu du.

2.- KIROLDEGIA ETA FRONTOIA BUKATZEKO OBRAK ADJUDIKATZEA.

Alkateak aurkeztu du hirigintza batzordearen diktamena, bidebatez seinalatuz ezen, obra hori egiteko aurrekontuan badagoela horretarako xedaturik dirua.

Jose M. Boto kexatu egin da, deiarekin batera inolako txostenik jaso ez duelako, horrela, informazioa jasotzeko duen eskubidea ukatu zaiolarik. Esan du, jasotako informazioarekin ezin duela proposamena onartu.

Alkateak gogorazi dio ezen, txosten guztiekin, gaia joan de astelehenean izandako obra eta hirigintza batzordearen bilkuran tratatu zela eta bilera horretara J.M. Boto ez zela etorri.

J.M. Botok batzorde-bileretara ez joateko duen eskubidea markatu du, alabaina informazioa jasotzeko duen eskubideari uko egin gabe.

Obra eta Hirigintza Batzordearen diktamenak honela dio:

"1998ko urtarrilaren 22an plenoak onarturiko baldintza pleguaren arabera obrak adjudikatzeko eskainte prozesua buruturik.

Txosten teknikoa eta kontratazio-mahaiaren proposamena azterturik, Obra eta Hirigintza Batzordeak, alkatearen aldeko botoarekin ondorengo diktamena onartzea proposatu dio Plenoari (EAJ eta EAko ordezkariek ez dute botorik eman):

BAT: Kiroldegia eta frontoia bukatzeko falta diren obrak egitea Construcciones A. Sobrino S.A.ri adjudikatzea, guztira 124.829.795,- pta. Kopuruaz, proiektuko prezioen aldean %2,88 beherapenarekin. Obragintzarako epea bost hilabete eta hamabost egun da.

BI: 95/05/17 eta 95/10/10eko Plenoen akordioak berrestea, horien bidez adjudikatzen baitzitzaien obraren zuzendaritza ondorengo teknikari hauei:

- Arkitektoa: Juan Azkue.

- Aparejadorea: Jose Trepat.

HIRU: Construcciones A. Sobrino S.A.ri eskatzea ezen, adjudikaturiko obrarako kontratazio berriak egin behar balitu, Lezoko udalerriko langabetuek lehentasuna izan dezatela."

Bozketa eginik, bederatzi boto eman dira alde: Mikel Arrizabalaga Pikabea (alkate-lehendakaria), Jesus M. Etxebeste Bengoetxea, Jose Luis Ruiz Navarro, Joana Maria Salaberria Lizarazu, Maixabel Unzain Zapiain, Rafael Salaberria Etxezurieta, Agustina Pontesta Garmendia, Jesus M. Martiarena Jaka eta Pello Garbizu Azkue; bi boto aurka: Jose M. Boto Sancho, Nicanor Barradas Piris; eta bi abstentzio: Mirari Rekalde Gonzalez eta Iñake Urrestarazu Azurmendi. Beraz onartu egin da diktamena

3.- DIKTAMENA, UDALTZAINGOKO KIDEEI SOLDATAREN %20KO OSAGARRI ESPEZIFIKOA EMATEKO.

Maixabel Unzainek, pertsonal arazoetarako eskuordedunak, aurkeztu dio diktamena udalbatzari. Esan du ezen, barne batzordeak, urtarrilaren 29an egindako bilkuran, aztertu eta eztabaidatu ondoren diktaminatu zuela proposamena udaltzaingoko partaideei soldataren %20ko osagarri espezifikoa emateko. Argitu du ezen, osagarri hori, aipaturiko udal langileek orain arte gauezko eta jaietako lanarengatik kobratzen zituzten plusak ordezkatzeko dela. Zinegotziak dioenez, zenbatekoa orain arte kobratzen zutena baino apurtxo bat gehiago da. Ohartarazi du, proposamenari buruz bi txosten daudela, bata kontuhartzailetzarena eta beste idazkaritzarena. Biek ohartarazten dute proposamena legez kanpokoa dela, lehenak gastu horretarako aurrekontu-partida zehatzik ez dagoelako, eta bigarrenak osagarriaren esleipena eta zenbatekoa markatzeko irizpideak aldez aurretik arautegiz garatu gabe daudelako.

Diktamena honela dio, hitzez hitz:

"1997ko urtearen azkenera arte Udaltzaingoko agenteek hilero jaso dute gauezko eta jaiegunetako plusen kontzeptutan, sortzapen gisa, lan egutegiaren arabera urtean zehar lan egitea dagozkien jaien eta gauetakoen bataz bestekoaren emaitza.

1998. urterako udaltzaingoaren lan egutegia egiterakoan, ordezkari sindikalak proposatu zuen aipaturiko plus horiek kentzea eta Osagarri Espezifiko gisa soldataren %20koa abonatzea 14 ordainketetan gauezko eta jaietako lanaren ordain-kontzeptutan.

Hori ikusirik eta ARCEPAFEko 76. artikuluan oin hartuz, hartan seinalatzen baita, besteak beste, gauezko eta jai egunetako lan-kondizioak ordaintzeko osagarri espezifikoa eman ahal izango dela, Barne Batzordeak 1998/01/29an egindako bileran, Maixabel Unzainen aldeko botuakin, Jesus Mª Martiarenaren aurkakoakin eta Iñake Urrestarazu erabakia hartzeko at geratu delarik, honako akordio hauek diktaminatu ditu Plenoak erabakia har dezan:

BAT: Udaltzaingoko agente finkoei beren soldataren %20ko osagarri espezifikoa ematea beren 14 ordainketetan, gauezko eta jaietako lanaren ordain-kontzeptutan.

Udaltzain kontratatuek egingo duten gauezko eta jaieguneko bakoitzaren heinean jasoko dute sortzapena.

BI: Osagarri hau 1998ko urtarrilaren 1.an sartuko da indarrean."

Alkateak adierazi du ezen, joan den astean egindako udalbatzaren osoko bilkuran gaia mahai gainean lagatzea proposatu zuela, diktamena lehen aipaturiko txosten teknikoak ezagutu gabe onartu zela uste baitzuen. Bere okerraz oharturik egoki iruditu zaio zuzentzea eta gaia berriro udalbatzaren erabakirako ipintzea.

Mintzaldien txanda irekirik I. Urrestarazuk hartu du hitza eta zehaztu du ezen, txostenak batzordearen bilera egun berean edo bezperan egin zirela eta batzarkideek ez zutela aldez aurretik haien berririk izan. Arazoaren funtsari dagokionez iruditzen zaio egoera aurreko asteko bera dela, orduko nahasmendua orain ere mantentzen baita. Bere iritziz, proposamen hau aurrera aterako balitz ez litzatekeela beteko esakune sindikala, alegia, lan berdinei soldata berdina zor zaiela. Esan du ezen, proposamen honekin gerta daitekeela lan bat bera bi bider ordaintzea, plantilakoei %20 eta ordezkoei plusak.

Bestalde, politika hori ez du bere egiten, alegia, langile batzuen soldatak berrikusi eta beste batzuek planteaturikoak zintzilik utzi edo ez ametitu, eta gaiaren osoko azterketa proposatu du.

Maixabel Unzainek azaldu duezen, proposamenarekin, iaz plusen kontzeptutan kobraturikoa baino 69.536 pta gehiago kobratu behar dutela, horrek %12,80 gehikuntza suposatzen duelarik kontzeptu honetako ordainketari dagokionez.

J.M. Martiarenak eskatu du gaia mahai gainean laga dadila. Esan du ezen, aipaturiko bi udal teknikarien zeharoko legez-kanpokotasunaren ohartarazpenez gain, akordioak hautsi egiten duela aurrekontuetan finkaturiko soldata-gehikuntzaren irizpidea, kasu honetarako %4,73ko gehikuntza planteatuz, gainerako udal langileena baino nabarmenki handiagoa beraz, eta horrek, bere ustez, bereizkeria handia suposatzen duela.

J.M. Botok gogorazi du ezen, aurreko bilkuran, berriro barne batzordean tratatzeko utzi zela gaia. Harritu egiten da tramite hori bete gabe gaia berriro udalbatzaren aurrera aurkeztu delako. Kexu ageri da, beste behin ere txostenak deialdiarekin batera igorri ez direlako. Bere iritzirako, horrela zinegotziei beren informazio eskubidea ukatzen zaie.

Bere iritziz, ez da ezagutzen edo ez da ezagutu nahi proposamenak suposatzen duen gehikuntza. Bere ustez, soldataren gain gehikuntza bat dago eta osagarrien gain beste bat. Bere datuen arabera iruditzen zaio udaltzainen soldata %4,5 igotzen dela eta, aldiz, gainerako udal langileena %2,1 igo da eta osagarria %18,5 igo da.

Alkateak berriro azaldu ditu gaia batzordetik pasatu gabe berriz ere udalbatzaren bilkurara ekartzeko arrazoiak. Deialdiarekin batera dokumentazioa igortzeari dagokionez esan du, hori Idazkaritzaren arazoa dela.

Baieztapen horren aurrez aurre J.M. Botok esan dio, igortzen den dokumentazioaren azken buruko erantzulea alkatea dela. Esplikatzeko eskatu du ea zergatik ordaindu behar zaien osagarri hori langile horiei, lana egin ala ez egin arren.

Alkateak keinu bat egin dio pertsonal arazoetarako zinegotzi eskuordedunari, ez dezan galdera erantzun eta P. Garbizuri eman dio hitzegiteko txanda. J.M. Botok protesta egin du keinu horrengatik, eta alkateari esan dio, erantzunak ukatzeko bera ez dela nor.

P. Garbizuk adierazi du, arazo honi buruz aurrekoetatik jasotako egoera txar bat dagoela. Bere iritziz, benetan egiten direnez aparte gauezko eta jaietako beste lanordurik ez litzateke ordaindu behar, irizpide hori gaur bete gabe uzten delarik plantilari osagarri edo plusen batez besteko bidez ordainduz eta aldi baterako kontratatuei egiten dituzten ordezkapenengatik ordainduz.

J.M. Botok berriro errepikatzen ditu bere protestak bere adierazpenari ez erantzun izanagatik. Alkateak oharra egin dio ezen, jokabide horretan jarraituko balu, botazioko baldintzen itzulpenik ez egiteko aginduko duela. J.M. Botok gaitzetsi egin du ohar hori eta biak eztabaidan liskartu dira.

Gaia mahai gainean uzteko J.M. Martiarenak egin duen proposamena bozkatzeko jarri du alkateak. Proposamenari uko egin zaio aldeko lau botoz: Jesus M. Martiarena Jaka, Pello Garbizu Azkue, Mirari Rekalde Gonzalez eta Iñake Urrestarazu Azurmendi, eta kontrako zazpi botoz: Mikel Arrizabalaga Pikabea (alkate-lehendakaria) Jose Luis Ruiz Navarro, Joana Mª Salaberria Lizarazu, Maixabel Unzain Zapiain, Agustina Pontesta Garmendia, Rafael Salaberria Etxezurieta, Jesus Mª Etxebeste Bengoetxea.

Jose M. Boto Sanchok eta Nicanor Barradas Pirisek ez dute parte hartu bozketan; alkateak hala erabakirik, ez zaie itzuli bere planteamendua, eztabaidan egindako oharraren ildotik. Beraz, onartu egin da diktamena tratatzea eta bozkatzea.

Diktamena bozkaturik zazpi boto eman dira alde: Mikel Arrizabalaga Pikabea (alkate-lehendakaria) Jose Luis Ruiz Navarro, Joana Mª Salaberria Lizarazu, Maixabel Unzain Zapiain, Agustina Pontesta Garmendia, Rafael Salaberria Etxezurieta, Jesus Mª Etxebeste Bengoetxea. Lau boto eman dira aurka: Jesus M. Martiarena Jaka, Pello Garbizu Azkue, Mirari Rekalde Gonzalez eta Iñake Urrestarazu Azurmendi.

Jose M. Boto Sanchok eta Nicanor Barradas Pirisek ez dute parte hartu bozketan. Aurreko bozketan bezala, alkateak hala proposaturik, ez zaie itzuli haren planteamendua.

J.M. Botok bere haserrea azaldu du alkatearen jokaerarengatik eta akordioa inpugnatu egingo duela iragarri du.

Aktaren amaiera.

Eta beste aztergairik ez dagoenez, 19:40 orduetan lehendakaritzak amaitutzat eman du batzarraldia, bertan diren zinegotzi guztiek nirekin batera sinatzen duten akta hau jasorik eta nik, idazkari gisa, hau guztia ziurtatuz.

Eguna