2009.eko Otsailaren 4ekoa

Agiri mota

Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2009ko otsailaren 4ean, asteazkena, 19:30etan, eratu da OSOKO UDALBATZA, OHIKOA egiteko xedez, lehen deialdian, Haritz Salaberria Goikoetxea alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Haritz Salaberria Goikoetxea, Irati Aranburu Salaberria, Jon Legorburu Arrastua, Silbia Folgueira Fernández, Iñigo Esnaola Arbiza, María Pilar Legorburu Echegaray, Urko Lopetegi Campano, Jaione Lekuona Irazusta, Kepa Garbizu Azkue, Enrique Figueroa Laboa, Jesús María Martiarena Jaca eta Miguel Antonio Arrizabalaga Brusín.

Ez da bileran izan Roberto Sánchez Sánchez.

Bertan da eta egintzaren fede eman du udal idazkaria den Xabier Loiolak.

1.- Egoki irudituz gero, 2009ko abenduaren 3ko ohiko bileraren akta, abenduak 23ko ezhoiko eta premiazkoarena eta urtarrilaren 14ko ezhoiko eta premiazkoaren aktak onartzea.

 

Hiru aktak aho-batez onartu dira inolako zuzenketarik gabe

2.- Lezoko Planeamenduko Arau Subsidiarioen Aldaketa, kasko zaharrean (kasko zaharreko egoitza gunea, UAD 2, 1 sistema orokorraren zatia, 6,7,9 , 10 eta beste sistema orokorrak eta hirigintza arauetako 11 eta 13 artikuluak) behin behineko onartzeko diktamena (2008HO310001)

 

Irati Aranburu, Hirigintza eta Ingurumen zinegotzi delegatuak Hirigintza batzordeak onartutako diktamena onartzea proposatu dio osoko bilkurari. Honela dio diktamenak:

Lezoko Udalak 2008ko apirilaren 9an egindako osoko bilkuran Planeamenduko Arau Subsidiarioen Aldaketa, kasko zaharrean ( kasko zaharreko egoitza gunea, UAD 2, 1 sistema orokorraren zatia, 6,7,9 , 10 eta beste sistema orokorrak eta hirigintza arauetako 11 eta 13 artikuluak, Dokumentuari haserako onarpena ematea erabaki zuen ondorengo baldintzarekin:

"1.- Espazio libreen tokiko sareko zuzkidura nahikoa bermatzen dela adierazi beharko da dokumentu honetan, zenbat lursail m² erabilera horretara xedatuko diren zehaztuz eta antolaketa xehekatua jasoko duen dokumentua horretara baldintzatuaz. Edo bestela baldintza hau materialki ezin bada bete edo hura betetzea ez bada egokia aurreikusitako antolamendurako, aldaketa eremuan espazio libre lokalen zuzkidura-soberakina, garapen berriak eragindako defizita konpentsatzeko adinakoa dela justifikatu beharko da."

Akordio honen iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 2008ko apirilaren 25an, 79 zenbakidun alean. Baita prentsa idatzian eta Lezoko Udaleko Web orrialdean ere.

Jendaurreko epean 2 alegazio aurkeztu dira, hain zuzen ere, Gesolnor, S.L. (1.737 erregistro zkia.) eta José Antonio Dozagarat Andueza (1.741 erregistro zkia.) aurkezturikoak.

Akordio honen berri sektoreko eskumenak dituzten herri-administrazioei ere eman zitzaien txostena egin zezaten. Horrela Estatuko Ingurumen Ministerioak soilik jarri zituen baldintzak Arau aldaketa dokumentu hau onartzeko, gainontzekoak ontzat eman bai zuten, hala nola, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Azpiegitura Sailak.

AZTERKETA JURIDIKOA

Aurkeztu diren alegazioei erantzunez txosten teknikoa aurkeztu du Dokumentuaren idazle den Rosario Marijuan de la Aunción Arkitektoak.

Bestalde behin behineko onarpenerako aurkeztu duen dokumentuan Estatuko Ingurumen Ministerioak ezarritako baldintzak betetzen direla adierazten da.

Aurkeztu diren alegazioen inguruan, Jose Antonio Dozagarat Anduezak aurkezturikoari buruz, Rosari Marijuanek idatziriko txostenera zuzentzen naiz. Gesolnor, SLk aurkezturikoaren aurrean ordea Rosario Marijuanek idatziriko txostenean erantzuten denaz gain (alegazioaren eskaeraren 1º eta 2º atalei) 3º atalari dagokionez, ondorengoa ere gehitu beharko litzateke.

Horrela Gesolnor, SLren alegazioan adierazten den bezala Lezoko Udalak eta Gesolnor, SL berak, hirigintza hitzarmen bat izenpetu zuten 2007ko maiatzaren 25an. Hitzarmen honen arabera batetik Lezoko Udala izapidetzen ari zen Planeamenduko Arau Subsidiarioen Errebisio dokumentuan eta Kasko Zaharreko Zaharberritze Plan Berezian, hitzarmenaren I eta II eranskinak jasotzen dituzten hirigintza xedapenak aurreikusiko dira eta bestetik GESELNOR, SLk Lezoko Udalari aipatu I eta II eranskinetan jasotzen den eraikigarritasunaren gehitzearen %10a lagako dio hiritartze gastuetatik libre. Hitzarmenean bertan adierazten den bezala lagapen hori legezko betebeharra da.

Geselnor,SLren alegazioan adierazten denez haserako onarpena jaso duen dokumentuan ez dira jasotzen arestian aipatu hirigintza hitzarmenean hitzarturiko zehaztapenak. Horren aurrean hitzarmen hori ez betetzeak ekarri diezaioken kalte ordainen kalkulu bat egiten du. Bestalde Lezoko Udalak hitzarmena ez betetzeko interes publikoko arrazoiak ez daudela adierazten da eta baieztapen horri eusteko Alejandro Arrospide Arkitektoaren txosten bat bateratzen dute.

Lezoko Udalak, alegazio honen edukia ezagutu ondoren, "Sitiaga enea" eraikina kontserbatzea interes publikokoa den ala ez zehazteko, txostena eskatu zien Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailari eta Aranzadi Zientzia Elkarteari.

Bi erakunde hauek emandako txostenean argi eta garbi adierazten da "Sistiaga enea" eraikinaren ezaugarriak kontuan izanik egokiena Lezoko Udalak haserako onarpena eman dion dokumentuan jasotako zehaztapenak direla. Beraz interes publiko nabarmena dago Arau Subsidiarioen aldaketa honetan "Sistiaga-enea" eraikinari ematen zaion tratamendua bere horretan mantentzeko.

Halaber kontuan izan behar da 2/2006 Lurzoru eta Hirigintzaren Legeko zazpigarren xedapen gehigarriaren 5 atalean adierazten dena, hau da, "Hirigintza-antolamenduari buruzko hitzarmenei dagokienez, plangintza egiteko ahalmen osoa gordeko du beti udalak, interes publikoko arrazoiengatik. Plangintza-aldaketak behin betiko onespenik ez badu, besterik gabe suntsitutzat joko da hitzarmena."

Geselnor, SLk eskatzen dituen kalte ordainen inguruan bestalde zera adierazi behar da: lehenik eta behin Lezoko Udalarekin izenpetu zuen hitzarmenean, udala orduan izapidetzen ari zen Planeamenduko Arau Subsidiarioen Errebisio dokumentuan hitzarmenaren I eta II eranskinak jasotzen dituzten hirigintza xedapenak aurreikusiko zirela xedatzen zen.

Horrela 2007ko maiatzaren 27an udal hauteskundeak ospatu eta ondorioz udalaren osaketa erabat aldatu zen . Korporazio berriak espedientea eta bertako txosten teknikoen edukia aztertu ondoren zera ondorioztatu zuen: udal talde berria ez zetorrela bat izapidetu zen Arau Subsidiarioen Errebisio dokumentuan eta espedientean jasotzen zen lurralde ereduarekin eta proposatzen zen hazkundearekin . Horrela berrikuspen espedientea errekuperatu eta zuzendu beharreko akats eta osatu beharreko izapideez gain beste lurralde eta hazkunde eredu bat proposatzeko aukerak aztertzea zela egokiena.

2007ko uztailaren 10an udal batzarrak Lezoko Planeamenduk Arau Subsidiarioen Errebisio espedientearen behin betiko onarpenean atzera egitea, Gipuzkoako Foru Aldundiari aipatu akordioa jakinaraztea eta espedientea Lezoko Udalera itzultzeko eskatzea erabaki zuen. Akordio honen iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean 2007ko urriaren 25an argitaratu zen. Prentsa idatzian ere argitaratu zen.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatu Kontseiluak 2007ko azaroaren 13an udalak, uztailaren 10ean eginiko eskakizuna onartzea erabaki zuen.

Orain izapidetzen ari den Arau Subsidiarioen aldaketa ordea espediente berri bat da, ez dauka zer ikusirik gorago aipatu den hirigintza hitzarmenean aipatzen den Arau Subsidiarioen Errebisioarekin. Beraz Lezoko Udalak hitzarturikoa bete ez bazuen 2007ko uztailaren 10an harturako erabakiaren ondorioz izan zen; ez orain izapidetzen ari den aldaketa puntual honen ondorioz.

Bestalde kalte ordainen eskaera ez da arau aldaketa espediente honetan ebatzi beharreko kontua, hori 30/1992 Legearen 139 eta hurrengo artikuluek xedatzen duten moduan izapidetu beharreko espediente baten ondorio baino ezin daiteke izan.

Horrela eskaeraren edukian sartu gabe eta kalte ordainik egokitzeko dagokion legedian xedatzen diren baldintzak betetzen diren edo ez adierazi gabe, 30/1992 Legearen 142.5 artikuluak xedatzen du administrazioari ondare erantzukizuna eskatzeko epeak urtebetera preskribatzen duela, kale ordaina motibatzen duen egintza gauzatu denetik. Kasu honetan beraz, Arau Subsidiarioen Berrikuspenean atzera egitea 2007ko uztailaren 10an erabaki bazen eta akordio hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean 2007ko urriaren 25an argitaratu bazen garbi dago kalte ordainak eskatzeko preskripzio epea 2008ko urriaren 26an betetzen zela. Alegazioa 208ko maiatzaren 23an aurkeztu denez, kalte ordainen eskaera epez kanpo egin dela ondorioztatu behar dugu.

Rosario Marijuan Arkitektoaren Txostena, Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Txostena eta Aranzadi Zientzia Elkartearen Txostena kontuan izanik,

Beraz 2/2006 Legearen 90, 103 eta hurrengo artikuluek xedatzen dutena kontuan izanik Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako batzordeak 2009ko urtarrilaren 28an egindako batzarraldian Irati Aranburu, Haritz Salaberria eta Jon Legorbururen, aldeko botoarekin eta Jesús Mari Martiarenaren abstentzioarekin,

DIKTAMINATZEN DU:

BAT: Dokumentu honen hasierako onarpenari Gesolnor, S.L. (1.737 erregistro zkia.) eta José Antonio Dozagarat Andueza (1.741 erregistro zkia.) aurkezturiko alegazioak ez onartzea.

BI: Lezoko Planeamenduko Arau Subsidiarioen Aldaketa, kasko zaharrean ( kasko zaharreko egoitza gunea, UAD 2, 1 sistema orokorraren zatia, 6,7,9 , 10 eta beste sistema orokorrak eta hirigintza arauetako 11 eta 13 artikuluak, Dokumentuari behin behineko onarpena ematea.

HIRU: Lezoko Planeamenduko Arau Subsidiarioetako aldaketa puntual honen espedientea eta dokumentazio guztia Gipuzkoako Foru Aldundira igortzea behin betiko onarpena eman diezaion.

 

Kepa Garbizuk salatu du gai honi buruz maiatzean eskatutako dokumentazioa ez dutela eskuratu. Gaiaren inguruan dio, PIldain orubearen sarbideak kezkatzen dutela, proposatzen denaren arabera berdez margotutako sistema orokorrez inguratuta azaltzen delako eta agian horrek ibilgailuentzat sarrerarik gabe uzten duelako orubea.

Bai Irati Aranburuk bai alkateak diote Hirigintzako teknikariek erantzungo diotela galdera horri, ea Alde Zaharrerako prestatutako plan espezialak zer dioen ikusi beharko dela; eta hala ere moldaketa beharrezkoa bada, egingo dela behar den garaian.

Diktamena bozkatu eta onartu da, aldeko zortzi boto, ezezko hiru, EAJ taldeko hiru zinegotziena eta abstentzio batekin, PSE-EE taldeko zinegotziarena. Hau da, diktamena osoko bilkura osatzen duten zinegotzien gehiengo osoaren aldeko botoarekin onartu da.

 

3.- Zuzkidurazko Alojamenduak eraikitzeko lankidetza hitzarmena Eusko Jaurlaritzako Gizarte eta Etxebizitza Sailarekin onartzeko diktamena (2009H0360001).

 

Irati Aranburuk, Hirigintza eta Ingurumen zinegotzi delegatuak, azaldu du diktamena. Honela dio diktamenak:

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak Lankidetza Hitzarmen baten zirriborroa aurkeztu du Lezoko Udalean, S-1 Sektorean zuzkidurazko alojamenduen sustapenaren xedearekin.

Laburbilduz lankidetza hitzarmen honen edukia ondorengo hau da:

- S-1 Sektoreko Plan Partzialean jasotzen den zuzkiduratara xedaturiko lursailean aldi baterako alokairu erregimenerako zuzkidurazko alojamenduen sustapenari ekingo dio Eusko jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietarako Sailak. Horretarako urbanizazio obra osagarriak eta zuzkidurazko alojamenduen obren exekuzioa kontratatuko du.

- Lezoko udalak adierazitako lursailaren jabetza osoa doan lagako dio Etxebizitza eta Gizarte Gaietarako Sailari.

- Zuzkidurazko alojamenduen eraikinaren etxabean anbulatorioa eta haurtzaindegia ere aurreikusiko dira Etxebizitza Sailak sustatuko dituen obretan. Lezoko udalak obra hauen kostua ordaintzeko, eraikitako metro karratuko 360 euro ordainduko du.

- Lezoko udalak, obra eta instalazioen gaineko zergaren kuotari hobari batzuk aplikatuko dizkio, horretarako, beharrezkoa izanez gero, udal ordenantzak egokituz.

- Bi administrazioen ordezkarien osaturiko lankidetza hitzarmenaren jarraipen batzorde bat eratzea xedatzen da

AZTERKETA JURIDIKOA

7/1985 LBRL legearen 57 artikuluak xedatzen duenez administrazio autonomikoak eta tokiko administrazioak hitzarmen administratiboak izenpetzeko ahalmena dute euren arteko lankidetza sustatzeko, arlo ekonomikoan, teknikoa edo administratiboan, udal zerbitzu edo interes orokorreko gaietarako.

Bestalde Lezoko Udalak 2008ko ekainaren 4ko aipatu osoko bilkuran S-1 Sektoreko Plan Partzialaren aldaketa behin betikoz onartu zuen. Plan Partzial horretan 1784,90 m2ko ursail bat zuzkidurako alojamenduetarko aurreikusten da 2/2006 Lurzoruaren eta Hirigintzaren legeko 17 artikuluak xedatzen duena kontuan izanik.

Artikulu honen hitzez hitza zera xedatzen du:

"17 artikulua. Zuzkidurazko bizitokietarako lurzoruak kalifikatzea

1. Udalaren hirigintza-plangintzaren bidez, erkidegoaren ekipamendu modura ere kalifikatu ahal izango dira berariaz lursail batzuk, erabilera nagusia bizitegietarakoa duten guneetan,zuzkidurazko bizitokiak egiteko, bai aldi baterako bizitoki izan daitezen bai premia berezia duten kolektiboentzako bizitoki sozial bihurtu daitezen; hain zuzen ere, lege honen 81. artikuluan ezarritako gutxieneko estandarrak eta kopuruak betetzeko behar adina lurzoru kalifikatu beharko da, gutxienez. Hori dela eta, antolamendu xehatuak adieraziko du eraikuntza horiek non kokatuko diren eta nolako eraikuntza-ezaugarriak izango dituzten. Erabilera horretarako gehienezko lurzorua 2,5 metro karratu lurzoru izango da plangintzan aurreikusitako bizitoki-erabilerako sabaiko 100 metro karratuko gehikuntzako edo, zehaztapen hori egin ezin denean, etxebizitza berri bakoitzeko.

2. Hiru-lurzoru finkatuan, erkidegoaren ekipamendurako lehendik dauden partzela batzuk ere erabili ahal izango ditu plangintzak zuzkidurazko bizitokietarako, betiere egiaztatzen baldin bada beste beharrizan sozial batzuei erantzuteko nahikoa ekipamendu-partzela daudela erabilgarri.

3. Era horretara zuzkidurazko bizitokietarako kalifikatutako lursailek zuzkidura publikoaren izaera edukiko dute, eta ondorioz nahitaez eta doan lagata eskuratuko dira zuzkidura horiek ezartzeko ardura duen administrazioaren alde."

Beraz Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietarako Sailari, zuzkidura horiek ezartzeko arduraduna den administrazioa denez, adieraziko lursaila doan lagatzea legeak espresuki jasotzen du.

Era berean aipatu S-1 Sektoreko Plan Partzialean ere zuzkidurazko alojamenduetara xedatzen den lursailean aurreikusten den eraikinaren etxabean, haurtzaindegia eta anbulatorioa jartzear ere dago aurreikusia.

Lankidetza hitzarmen honetan Lezoko Udalak bere gain hartzen dituen betebehar batzuk aurrera eramatea Osoko bilkuraren eskuduntza direnez, esate baterako ordenantza fiskalen egokitzapena edo haurtzaindegi eta anbulatorioaren gastuei aurre egiteko udal aurrekontuen onarpena, Osoko bilkura berak onartu beharko luke hitzarmena.

Eskaera aztertu ondoren, hona hemen Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako batzordeak 2009ko urtarrilaren 28an egindako batzarraldian Irati Aranburu, Haritz Salaberria eta Jon Legorbururen, aldeko botoarekin eta Jesús Mari Martiarenaren abstentzioarekin,

DIKTAMINATZEN DU:

BAT: Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak Lezoko, S-1 Sektorean zuzkidurazko alojamenduak sustatzeko aurkeztu duen Lankidetza Hitzarmena onartzea.

BI: Lezoko Alkatea Lankidetza Hitzarmen honetan aurreikusten diren betebeharrak gauzatzeko derrigorrezkoak diren agiriak izenpetzeko ahalmentzea.

 

Kepa Garbizuk galdetu du ea udal kontuhartzailearen txostenik dagoen, hitzarmenean jasotzen diren inbertsioetarako udal konpromisoak bete ahal izateko.

Bai alkateak bai idazkariak diote ez dagoela txostenik. Alkateak dio hitzarmenak ez duela inbertsioetarako datarik zehazten, borondateen adierazpena dela eta bai Jaurlaritzak bai udalak gauzatu beharko dutena.

Kepa Garbizuk dio jakina dela bera eta bere udal taldea eraikin hau kokatu nahi den eremua arautzen duen Plan Partzialaren aurkako auzia aurkeztu dutela, iruditzen zaielako etxebizitza kopuruen aldaketa Arau Orokorren aldaketa bidez gauzatu behar zela, eta ez Plan Partzialaren aldaketa bidez, egin zen bezala eta nahiz eta behar bada legeak horretarako aukera eman. Hitzarmena negozio ona Jaurlaritzarentzat omen eta ez udalarentzat, lurra emateaz gain Osakidetzari lokala ematea aurreikusten duelako eta Haurtzaindegia eta bere gain egokitu beharko duelako. Bere ustez oso airean hartzen den erabakia da hau.

Alkateak baietz dio, Jaurlaritzarentzat negozio ona izango dela hitzarmen hau, eta Kepa Garbizuren alderdiak ba omen du horretan zer esana, adibidez Haurtzaindegi Partzuergorako inbertsioetan eta Osakidetzak egin ditzazkenetan. Dena den, azken kasu honetan, Osakidetzak dituen inbertsio planei erantzungo dion azpiegitura aukera omen da hau. Irati Aranburuk dio apartamentuen alkilerrak Lezoko gazteentzat izango direla.

Mikel Antxon Arrizabalagak dio berak ere alde bozkatuko duela, gero ikusiko dela noiz eta nork gauzatu beharko duen hitzarmen hau.

Diktamena bozkatu eta onartu da aldeko bederatzi botorekin eta aurkako hiru, EAJ-PNV taldeko hiru zinegotziena.

4.- Herri palestinarrak jasandako erasoen eta Gazako sarraskien aurrean bi mozio.

 

Alkateak dio nahiz eta gai zerrendan batera jaso gai bakar baten ingurukoak direlako, bi mozioak banaka eztabaidatu eta bozkatuko direla. Lehenik EAJ-PNV udal taldeak aurkeztutakoa. Honela dio mozioak:

Herri palestinarrak jasandako erasoen eta Gazako sarraskien aurrean.

EAJ-PNV Udal Taldeak, hurrengo mozioa aurkezten du, Udalbatzak eztabaida eta onar dezan.

  1. Israelek Palestinan eginiko eraso militarrek eragindako bidegabeko ankerkeriak gaitzetsi nahi ditugu, baita Hamas-ek Israelgo herritarren aurka botatzen dituen koheteak ere, eta bi herri horien arteko gatazka armatua lehenbailehen amaitzea eta su-eten iraunkorra deklaratzea eskatzen dugu.
  2. Nazioarteko erakundeen adorerik eza eta pasibotasuna salatu nahi ditugu, Gazako inbasioa eta bereizi gabeko hilketak gerta daitezen uzteagatik, inongo zigorrik jaso gabe nazioarteko zuzenbidea urratuz, nahiz eta zuzenbide hori bete dadin zaintzea den erakunde horien lana.
  3. Nazio Batuen Erakundeari eta Europar Batasunari esku har dezaten eskatzen diegu, biztanleen sarraskiari amaiera emateko eta laguntza humanitarioa emateko premiazko plan bat ezartzeko lehenbailehen, mugak irekitzeko, okupazio armatuaren lazturekin amaitzeko eta tregua iraunkor bat egon dadin errazteko.
  4. Gertaera odotsu horiek konponbide iraunkor bat behar dute berehala, israeldarrak eta palestinarrak bakean bizi ahal izan daitezen, Israelentzat muga seguruak jarrita, 1967ko gerra aurreko mugen erreferentzia aintzat hartuta, eta Palestinari estatu subirano bat sortzeko eskubidea aitortuta.

 

 

Iñigo Esnaolak dio lehenengo puntuan egiten den konparaketa ezin dela onartu, eta horregatik nahiz eta gainontzekoarekin nahiko ados egon, abstenitu egingo direla.

Mozioaren eztabaidan, Jesus Mari Martiarena bilkuratik alde egin du.

Mikel Antxon Arrizabalagak dio bera ez dagoela ados harremanak etetearekin, arazoak konponduko badira harremanak mantentzea inoiz baino beharrezkoa denean.

Mozioa bozkatu da eta onartu egin aldeko hiru botoekin, bilkuran diren EAJ-PNVko bi zinegotzienak eta Mikel Antxon Arrizabalagarena; eta bederatzi abstentziorekin.

Alkateak aurkeztutako mozioa.

Alkateak berak azaldu du mozioa. Honela dio mozioak:

Herri Palestinarrak jasandako erasoen aurrean mozioa

Garai latz hauetan Palestinako herriari gure elkartasunik beroena adierazten diogu.

2008ko maiatzean Palestinarren hondamendia edo Nakba bezala ezaguna den estatu israeldarra sortu zela 60 urte bete ziren. Azken egun hauetan Israelgo Estatua Palestinako Gaza lurraldean egin den sarraskia azken urteetako basakeriarik handiena izaten ari da.

Gazako bonbardaketak, hauteskundeak demokratikoki irabazi zituen Hamas erakundearen zein Gazako herritarren aurkako zigor kolektiboa izaten ari da. Israelgo gobernua bere hauteskundeak irabazi nahian gerra sortzen ari da eta hori aurrekari arriskutsua izango daiteke.

Munduko estaturik armatuenetarikoa den Israel Palestinako herri zapalduaren aurka burutzen ari den giza krimen honen aurrean, Ameriketako Estatu Batuak, Europar Batasuna edo Nazio Batuak bezalako erakundeek beste aldera begiratu izana lotsagarria eta salatzekoa da. Instituzio hauen ordezkari diren Estatu inperialistak estatu terrorismoaren konplize zuzenak dira, euren interes geoestrategikoen arabera mundua gerratoki bihurtzen ari dira, Afganistan, Irak, Libano eta orain berriro ere Palestina. Zein izango da hurrengoa?

Munduko gatazka guztietan bezala Palestina eta Israelen arteko gatazkaren konponbidea ere elkarrizketa eta negoziazioaren bidez etorriko da, Palestinarrek mila bider aldarrikatu izan duten moduan.

Guzti hori gertatzen ari den bitartean, Israeldar estatuari aurre egiteko tresna moduan, Palestinako 200 elkarte zibilek Israeli boikota bultzatu dute. Boikot hori gure herritik egitea ere tresna baliagarria izan daiteke.

Hau guziagatik, udalbatza honetara hurrengo puntuak dakartzat eztabaida eta onar ditzan:

  • Udal honek bere elkartasunik beroena adierazten dio Palestinako herriari.

•· Palestinako 200 elkarte zibilek baino gehiago bultzaturiko Israeli boikot kanpaina babesten dugu.

•· Israelgo estatuak ekoitzitako zein babestutako kontsumo, kultura, entretenimendu edo bestelako PRODUKTUAK BAZTERTUko ditugu.

•· Israelgo estatuaren izenean gure lurraldera etortzen diren talde, erakunde, enpresa, kirol talde edo kultura elkarteen presentzia NON GRATA izango da gure herrian.

•· Israelgo Estatuarekin gure herriak izan ditzakeen harreman instituzionalak hautsiko ditugu.

•· Udal honek Israelgo gobernuari gutuna bidaliko dio Gazako erasoa arbuiatuz.

Jesus Mari Martiarena zinegotzia berriz sartu da osoko bilkurara.

Kepa Garbizuk dio ados dagoela mozioaren zenbait konturekin baina ez beste batzuekin: bere ustez atzera pausua da pertsona "non grata" eta horrelako adierazpenak onartzea.

Alkateak aurkeztutako mozioa onartu egin da, aldeko zortzi botoekin, aurkako hiru botoekin, EAJ-PNV taldeko hiru zinegotziena eta abstentzio batekin, Mikel Antxon Arrizabalagarena.

 

5.- 1512-2012 Nafarroaren konkistak 500 urte, "Euskal soberaniaren azken sugarra gogoan" buruzko mozioa.

 

Alkateak dio Amaiurreko herriaren ekimenarekin bat egin eta mozio hau aurkeztu dio osoko bilkurari. Iñigo Esnaolak irakurri du. Honela dio aurkeztutako mozioak:

Euskal Herriko Udal eta Kontzejuetan onartua izan dadin AMAIURko herriak egiten duen proposamena:

1512-2012: Nafarroaren konkistak 500 urte. Euskaldunon soberaniaren azken sugarra gogoan.

Puntuak:

1.- Lezoko Udalak/Kontzejuak, duela 500 urte Nafarroaren, hau da, gure Estatuaren independentzia defendatu zutenei agur eta ohore egin nahi die. Hortaz, duela bortz mende Tuteran, Lizarran, Burgin, Donibane Garazin, Garruzen, Noainen eta bertze anitz lekutan gure libertatearen sugarra babesteko borrokatu zirenak omendu nahi ditu. Amaiurko gazteluan Nafarroaren independentziaren alde bere bizitza eman zutenen kemena gogoan, Amaiurko herriaren deialdiari jarraikiz, euskaldun guztion Nafarroa bizirik dela aldarrikatzen dugu.

2.- Udal/Kontzeju honek bat egiten du 1512ko konkistaren bosgarren urtemuga gogorarazteko abiatuko diren ekimenekin eta, bere ahalen arabera, laguntza eskeiniko die.

3.- Amaiurko herriak 2009ko otsailaren 1erako egina duen deiarekin bat egiten dugu eta gure ordezkaritza igorriko dugu bertara, Amaiurko herriaren aldarrikapena gure egin dugula jakinaraz dezan.

 

Mikel Antxon Arrizabalagak dio berak aurka bozkatuko duela, beste erkidego bati buruz ari delako eta ez duelako nahi haien historietan sartu. Bai Iñigo Esnaolak eta bai alkateak diote ez dela inondik inora gai arrotza, Euskal Herriaren historiari buruz ari direlako eta Lezoko herriak nafar erresumaren parte izan delako.

Mozioa bozkatu eta onartu da aldeko hamaika botorekin eta aurkako boto bakarrarekin, Mikel Antxon Arrizabalagarena.

6.- Alkatearen, Organo Kolegiatuetako udal-ordezkarien eta Delegatuen txostenak.

 

Alkateak dio udal aurrekontuak behin betikoz onartu direla eta haren iragarkia atzoko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu dela. EAJ-PNV taldeak aurkeztutako alegazioak ez direla hala hartu behar esan du udal kontuhartzaileak bere txostenean.

Alkateak ere informatu du Madrileko Gobernuak deitutako Inbertsio Fondoetako dirulaguntzak eskuratzeko hiru proiektu aurkeztu eta onartu direla: Saldise plazako eraberritze eta estaltzea; Guillermo de Lazon kalearen berrurbanizazioa eta Jaizkibel Hiribidea 21 eta Zubitxo kale bitarteko saneamenduarenak. Obra hauen esleipen egutegia azaldu da.

Hurrengo gaiarekin hasi aurretik Kepa Garbizuk abenduaren 3ko osoko bilkuran mahai gainean gelditu zen pentsioei buruz EAJ-PNV taldeak aurkeztutako mozioa gaurko bileran eztabaidatu eta bozkatzea nahi du.

Alkateak bi minutuz bilkura etetea eskatu du, proposamen berri hau beste zinegotziekin tratatu ahal izateko.

Etenaren ondoren berriro ekin zaio osoko bilkurari. Alkateak leporatu dio Kepa Garbizuri gaia mahai gainean gelditu zela haren eztabaida egin behar zenean bilkuran ez zirelako bilkuratik inongo azalpenik eman gabe alde egin ondoren.

Mozio gaurko bilkuran eztabaidatzearen aldeko urjentziaren alde hamaika boto izan dira eta aurkako bat, Mikel Antxon Arrizabalaga.

Honela dio mozioak:

EAJ-PNV udal taldeak aurkezten duen mozioa, pentsio osagarriaren aldekoa, udalbatzarrean onartu dadin.

Pasa den ekainaren 25ean, Eusko Legebiltzarrak 8/2008 Legea onartu zuen Gizarte bazterketaren lege eta Eskubide sozialen kartaren legea aldatzen duena, "Pentsio osagarriaren legea" deritzona. Lege honen aplikazioak gutxienez 700 €ko diru-sarrera dakar orain arte bataz beste 411 €ko diru-sarrera izan duten 20.000 lagunentzat.

Irailaren 24ean, Estatuko Administrazio Publikoen Ministerioak eskutitza bidali zion Eusko Jaurlaritzari, "Pentsio osagarriaren legea" ustez Estatuaren eskumenen barne egon daitekeela eta bere aplikazioan arazoak sor daitezkeela ohartarazteko.

Hala ere, akordioak bilatu behar ditugu euskal gizartearen onerako, helburu nagusitzat krisialdi ekonomikoaren aurka modu eraginkorrean jardutea dugula. Eta ezezkoen aurrean, erantzun positiboak eman behar ditugu, hainbeste urteren buruan hain zuzengabeki tratatu den gizatalde honen alde.

Estatuko Gobernuaren harmonizatze saioek euskal hiritarren bizitza kalitatea murriztea dakarte. Eusko Legebiltzarrak eskumen osoa dauka herritarrak bazterketa sozialetik ateratzeko xedez legeak egiteko.

Eusko Legebiltzarraren eskumen eremua defenditzeko eta 20.000 euskal hiritarrek baino gehiagok bizimodu duinagoa izan dezaten eta hilero 700 €ko gutxieneko soldata har dezaten, Lezoko EAJ-PNV udal Taldeak Udalbatzarrean onartu dadin, ondoko mozioa aurkezten du:

BAT: Lezoko Udalak Espainiako Gobernuari eskatzen dio Diputatuen Kongresuan eskatutako kopurura arte igo ditzala pentsiorik baxuenak.

BI: Lezoko Udalak Espainiar gobernuari eskatzen dio, pentsioak igotzeko konpromisoa betetzen ez duen bitartean, errespeta dezala gizarte laguntzan dugun eskumen esparrua, gure instituzioek gutxienez pentsio hauek osatzeko modua izan dezaten.

HIRU: Lezoko Udalak bere hiritar guztiei gogorarazi nahi die pentsio baxuenen osagarria hartzeko eskubidea dutela, eta udaletxera hurbiltzeko gomendioa luzatzen die, informazio zabalagoa izan dezaten eta osagarri hau ahalik eta arinen tramita dezaten.

Alkateak dio oinarriarekin bat baldin badator ere, moziotik garbi ondorioztatzen dela Euskal Herriak instituzio propioak eta beste marko juridiko propioa beharrezkoak dituela.

Mikel Antxon Arrizabalagak dio ez dela egia mozioan dioena. Eusko Jaurlaritza bera dela atzeratu egin dena, berak egindako akatsez ezin izan dela aplikatu, udalei inongo aginbederik pasa ez zielako. Aldiz, Madrilgo Zapateroren gobernuak bete ditu bere konpromisoak.

Mozioa onartu egin da, hiru boto alde, EAJ-PNV taldeko hiru zinegotziarenak, eta gainontzeko bederatzi zinegotzien abstentzioarekin.

 

7.- Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde mahaien osaketarako zozketa.

 

INEk berak bidalitako aplikazio informatiko bidez egin da datorren martxoaren 1ean egitekoak diren Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde mahaietan egongo direnak izendatzeko zozketa.

 

8.- Galde-eskeak.

Alkateak dio gaurko plenorako EAJ-PNV taldeak aurkeztutako zortzi galderak hurrengo pleno batean erantzungo direla.

Kepa Garbizuk dio badaudela horiez gain beste batzuk oraindik erantzun gabe. Baita ere esan du abenduaren 18an egin zen Gizarte Zerbitzuetako batzorde deialdirik ez zutela garaiz jaso.

Aktaren amaiera.

Beste aztergairik geratzen ez denez, alkate-lehendakariak 9:05etan eman dio buru bilkurari. Eta nik, idazkari naizen aldetik, akta .etik .ra arteko zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta horren guztiaren fede ematen dut, eta bilkuran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu egin dute akta hau.


Eguna