2010.eko Apirilaren 21ekoa

Agiri mota

Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2010eko apirilaren 21ean, asteazkena, 19:30etan, eratu da OSOKO UDALBATZA, OHIKOA egiteko xedez, lehen deialdian, Haritz Salaberria Goikoetxea alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Haritz Salaberria Goikoetxea, Jon Legorburu Arrastua, Iñigo Esnaola Arbiza, María Pilar Legorburu Echegaray, Urko Lopetegi Campano, Jaione Lekuona Irazusta, Kepa Garbizu Azkue, Enrique Figueroa Laboa, Jesús María Martiarena Jaca eta Miguel Antonio Arrizabalaga Brusín.

Ez dira bileran izan Irati Aranburu Salaberria eta Roberto Sánchez Sánchez.

Bertan da eta egintzaren fede eman du udal idazkaria den Xabier Loiolak.

Alkateak dio aste santua tarteko ohiko plenoa gaur arte atzeratzea erabaki zuela. Erabakiaren berri zinegotzi guztiei eman zitzaiela dio alkateak eta, eragozpenik ezean, gaurko plenoan aktak, kontu emateak eta erregu galderak izango direla.

1.- Egoki irudituz gero, 2010eko otsailaren 3ko eta martxoaren 5eko aktak onartzea.

Bi aktak onartu dira inolako zuzenketarik gabe.

2.- 110 poligonoko "Aserraderos de Lezo" deritzon hiri eremurako Hiri Antolaketa Plan Bereziaren behin betiko onarpena emateko diktamena (2009H0400001).

Jon Legorburuk, Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako zinegotzi delegatuak diktamena azaldu eta onartzeko eskatu du. Honela dio diktamenak:

"Aurrekariak

José María Echarri Barberíak, Echemar S.L.ren izenean "Aserraderos de Lezo" deritzon hiri eremurako Hiri Antolakea Plan Berezia aurkeztu du.

Tokiko Gobernu Batza­rrak 2009ko abenduaren 1ean egindako bileran «Aserraderos de Lezo» deri­tzon hiri eremuko Hiri Antolaketa Plan Bereziari haserako onarpena ematea erabaki zuen.

Akordio honen iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean Argitaratu zen 2010eko urtarrilaren 19an. Prentsa idatzian ere argitaratu zen.

Espedientea jendaurrean egon den epean alegazio bakarra aurkeztu da, hain zuzen ere, Echemar,S.L. entitatearena.

Alegazioaren edukia laburbilduz ondorengo hau da:

- Haserako onarpena jaso duen Plan Berezian ibilgailuen aparkaleku erabilerara xedatu nahi den udal jabegoko lursailean 100 m² sabai izango lukeen eraikin bat aurreikustea proposatzen da aparkaleku erabileraren osagarri.

- Adierazitako lursaila Echemar, S.L.k darabilenez emakida kontratua duelako2003ko apirilaren 24tik, aurreikusten den eraikinaren gainean emakida zabaltzea eskatzen du, eraikina gauzatzea bere kontu izango litzatekeelarik.

 

 

Azterketa juridikoa

2/2006 legearen bigarren xedapen iragankorra arabera egiturazko antolamendu eta antolamendu xehatuko zehaztapenei buruz lege horretan ezarritako erregulazioa aplikatzekoa izango da, legea indarrean sartzen denetik aurrera, hau da 2006ko irailaren 20a, indarrean dauden arau eta planetarako.

Horrela aipatu legearen 53 eta 56 artikuluek xedatzen dute egiturazko antolaketa eta antolaketa urbanistiko xehekatua.

Aurkeztu den alegazioan proposatzen denak, hau da, eraikigarritasun fisikoa handitzea 56. 1 artikuluaren e) atalean txertatu daiteke, beraz alde horretatik alegazioa onartzeko ez legoke inongo eragozpenik.

Eraikin berrira emakida zabaltzeari dagokionean, ez da hirigintza planeamendu onarpen prozesu batean erabaki daitekeen eskaera beraz emakidaren kontratua aztertu eta horren baitan erabaki beharreko espediente baten aurrean gaude.

Udal arkitekto aholkulariaren txostena kontuan izanik eta 2/2006 Legearen 95 eta 96 artikuluak xedatzen dutena kontuan izanik, Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako batzordeak 2010eko apirilaren 14an egindako batzarraldian Jon Legorburu, Haritz Salaberria eta Iñigo Esnaolaren, aldeko botoarekin eta Jesús Mª Martiarena eta Roberto Sánchezen abstentzioarekin,

DIKTAMINATZEN DU:

BAT: Echemar, S.L.k aurkezturiko alegazioa partzialki onartzea.

BI: "Aserraderos de Lezo" deritzon hiri eremurako Hiri Antolaketa Plan Berezia behin betikoz onartzea onarturiko alegazioak planean suposatzen duten moldaketekin.

HIRU: Plan Berezia aurkeztu duenari agintzea Testu Bateratu bat egiteko, onartutako aldaketa horiekin.

LAU: Erabaki hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, aurreko atalean aipatutako Testu Bateratua Lezoko Udalean aurkeztu ondoren".

Bozketa egin da eta diktamena onartu egin da aldeko bederatzi botoekin eta abstentzio batekin, Mikel Antxon Arrizabalagarena.

 

3.- Hirigune Historikoaren Birgaitze Plan Bereziaren behin betiko onarpena emateko diktamena (2008H0400001).

Jon Legorburuk, Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako zinegotzi delegatuak diktamena azaldu eta onartzeko eskatu du. Honela dio diktamenak:

"Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaien Sailak Lezoko Kasko Zaharra Birgaitze Eremu Integratua izendatzeko espedientea haste erabaki zuen Lezoko Udalak horrela eskatuta. 317/2002 Dekretuaren 17., artikuluak xedatzen duena kontuan izanda, Izendapen hau gauzatzeko ordea, derrigorrezkoa da Kasko Zaharraren Birgaitze Plan Berezi bat onartzea. Hori dela eta Lezoko Udalari dagokio aipatu Plan Berezi hau formulatzea eta izapidetzea.

Rosario Marijuan de la Asunción eta Javier Erkizia Olaziregi arkitektoak idatziriko aurrerapen dokumentua aurkeztu zuten Lezoko Udalak horrela aginduta. Aurrerapen dokumentu honen parte da Ingurumenaren gaineko eraginaren baterako ebaluazio dokumentua ere.

Lezoko Udalak 2005ko azaroaren 3ko, 495. alkatetza-dekretuaren bitartez parte zaharreko Birgaitze Plan Bereziaren irizpideak, helburuak eta irtenbide orokorrak jasotzen dituen dokumentua onartu eta jendaurrean erakustea erabaki zuen.

Erabaki honen iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 2005ko azaroaren 9an. Aurrerapen dokumentua 30 egunez egon zen jendaurrean eta epe horretan zenbait iradokizun aurkeztu ziren.

Iradokizun hauei buruzko txostena idatzi zuen Parte Zaharreko Birgaitze Plan Berezia idazten ari den taldeak.

Horrela Lezoko Udalak, 2006ko martxoaren 17an Alkatearen 235 Dekretuaren bitartez parte zaharreko Birgaitze Plan Bereziaren irizpideak, helburuak eta irtenbide orokorrak jasotzen zituen aurrerapen dokumentua berretsi zuen eta plan honen haserako onarpenerako dokumentua idazteko ere agindu zuen.

2008ko maiatzaren 20ko Tokiko Gobernu Batzordean Lezoko Udalak haserako onarpena eman zion Parte Zaharreko Birgaitze Plan Bereziari.

Akordio hau Gipuzkoako Aldizkari ofizialean argitaratu zen 2008ko ekainaren 3an. Halaber, akordio hau prentsa idatzian ere argitaratu zen.

Akordio honen berri ere eman zitzaien arlokako eskumenak dituzten herri-administrazioei, proiektuaren kopia batekin, txostena egin zezaten.

Plan Berezi hau hiru hilabetez egon zen jendaurrean eta epe honetan bi alegazio aurkeztu ziren, hain zuzen ere Gesolnor, S.L.k eta Claudio Arregik aurkeztua. Bestalde epez kanpo beste hiru alegazio ere aurkeztu dira, Agustina Pontestak, Amaia Errastik eta Gurutze Santuaren Plazako 7 zenbakian dagoen eraikineko bizilagunenak.

Alegazio guzti hauen inguruko txostena egin du Plan Berezia idatzi duen arkitektoak

Bestalde Lezoko Udalak izapidetu ostean Gipuzkoako Foru Aldundiak 2010ko otsailaren 2an buruturiko Diputatu Kontseiluan, Planeamenduko Arau Subsidiarioen Aldaketa, kasko zaharrean ( kasko zaharreko egoitza gunea, UAD 2, 1 sistema orokorraren zatia, 6,7,9 , 10 eta beste sistema orokorrak eta hirigintza arauetako 11 eta 13 artikuluak), Dokumentuari behin betiko onarpena eman zion.

Dokumentu honen xede nagusien artea dago, Arau Subsidiarioak Lezoko udalak formulatu zuen Parte Zaharreko Birgaitze Plan Bereziaren (PERCH bezala ezagutzen dena) edukietara egokitzearena. Arau Subsidiarioetan kasko zaharrak duen mugaketa ez baitator bat PERCHak duenarekin eta azken hau da kontuan hartu beharrekoa, hain zuzen ere Lezoko Kasko Zaharra Birgaitze Eremu integrala izendatzeko prozeduran onarturiko mugaketarekin bat datorrelako.

Hori dela eta Parte Zaharreko Birgaitze Plan Bereziaren behin betiko onarpenerako Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako batzordeak 2010eko apirilaren 14an egindako batzarraldian Jon Legorburu, Haritz Salaberria eta Iñigo Esnaolaren, aldeko botoarekin eta Jesús Mª Martiarena eta Roberto Sánchezen abstentzioarekin,

DIKTAMINATZEN DU:

BAT: Aurkezturiko alegazioak Rosario Marijuan arkitektoak egindako txostenaren arabera erantzutea.

BI: Parte Zaharreko Birgaitze Plan Berezia behin betikoz onartzea onarturiko alegazioak planean suposatzen duten moldaketekin.

HIRU: Onarturiko moldaketa hauekin, Plan Berezia aurkeztu duenari Testu Bateratu bat osatzeko agindua ematea.

LAU: Akordio hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, aurreko atalean adierazten den Testu Bateratua Lezoko udalean aurkeztu ondoren."

 

Jendartean Gurutze Santuaren Plaza, 6 zenbakiko etxebizitzetako bizilagunak daude eta haiei eman die hitza alkateak. Bizilagunak diote onartzera doan planak kaltea eragiten diela. Gurutze Santuaren Plaza 7ko eraikinari handitzen utziz gero, beraien etxebizitzetako argitasun eta bisten kaltetan izango dela urte dute. Udalak eragin omen du arazoa eta udalak irtenbidea aurkitu beharko duela diote.

 

Bai Jon Legorburuk, bai alkateak berak erantzun diete: bizilagunek egindako alegazioaren ondorioz egindako txosten teknikoarekin bat datoz. Bere egunean Udalak Gurutze Santuaren 7ko eraikinekoekin sinatutako hitzarmena medio, Piku Kale eta Atzekoateko gunea eskuratzen zen. Beraz, interes orokorrak medio, alegazioa ez onartzea bozkatuko dutela diote. Edonola, bi bizilagun komunitatearekin bitartekari lanak egiteko prest daude eta bide horretan eginak dituzte lehenengo bilerak.

Diktamena bozkatu eta ahobatez onartu da, hau da, bilkuran diren hamar zinegotzien aldeko botoarekin.

 

4.- Izaera iraunkorra duen kontratazio mahairako partaideen izendapena egiteko diktamena.

Honela dio onartzea proposatzen den diktamenak:

"Herri Administrazioen Kontratuei buruzko 30/2007 Legea partzialki garatzen duen maiatzaren 8ko 817/2009 Errege Dekretuaren 21. artikuluan xedatutakoari jarraiki, aurrerantzean prozedura ireki, mugatu edo hitzartuaren bidez eta legegintzaldi hau amaitu arte Lezoko Udalak egoki deritzon publikotasunarekin izapidetzen diren kontratutan kontratazio organoan egon beharko duten kontratazio mahaiko kide iraunkorrak, jarraian adierazitakoak, izendatzea proposatzen da.

Kontratazio Mahaiaren osaera:

Mahaiburua: Haritz Salaberria Goikoetxea. Ordezkoa: Jon Legorburu Arrastua.

1. Mahaikidea: Jon Legorburu Arrastua. Ordezkoa; Iñigo Esnaola Arbiza.

2. Mahaikidea: Udal Idazkari Xabier Loiola Aristi edo haren ordezkoa.

3. Mahaikidea: Udal Kontuhartzaile Pedro Etxarri Ollokiegi edo haren ordezkoa.

4. Mahaikidea: Joseba Eizagirre Manzisidor. Ordezkoa, Josu Xabier Ponce González.

Idazkaria: Aitor Iztueta Garaikoetxea. Ordezkoa: Karlos Etxezurieta Sarasola.

Honako erabaki hau proposatu da eta Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako batzordeak 2010eko apirilaren 14an egindako batzarraldian Jon Legorburu, Haritz Salaberria eta Iñigo Esnaolaren, aldeko botoarekin eta Jesús Mª Martiarena eta Roberto Sánchezen abstentzioarekin,

DIKTAMINATZEN DU:

BAT: Aurrerantzean prozedura ireki, mugatu edo hitzartuaren bidez eta legegintzaldi hau amaitu arte Lezoko Udalak egoki deritzon publikotasunarekin izapidetzen diren kontratutan kontratazio organoan egon beharko duten kontratazio mahaiko kide iraunkorrak, goian aipatutakoak, izendatzea.

BI: Erabaki honen berri ematea Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta Lezoko Udaleko Kontratatzailearen Profilean."

Alkateak zehaztu du Kontratazio mahai iraunkor hau Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako kontratazio prozeduretan arituko dela soilik.

Alkateak egin duen zehaztapen horrekin diktamena bozkatu eta onartu egin da aldeko sei botokin eta lau abstentziokin, Kepa Garbizu, Enrique Figueroa, Jesus Mari Martiarena eta Mikel Antxon Arrizabalagarenak.

5.- Diktamena, 2010eko lan postuen zerrendan aldatzeko. (2009PE290001).

Jon Legorburuk diktamena onartzea proposatu du. Honela dio diktamenak:

"Udal Osoko Bilkurak, 2009ko abenduaren 2an egindako bilkuran, 2010 urteko plantila organikoa eta udal lan postuen zerrenda onartu zituen.

Lan postuen zerrendan ez zen jaso baldintza ezinbestekotzat elektrizista lan postua eskuratzeko B klaseko gidatzeko baimenaren jabe izan behar zenik.

Ulertzen dugu baldintza hau sartu beharrekoa dela elektrizista lan postuan aritzeko. Horiek horrela, alkatetzak Barne Batzordeari proposamena aurkeztu dio.

Haritz Salaberria, Jon Legorburu eta Urko Lopetegiren aldeko botoarekin eta Jesús Mª Martiarena eta Roberto Sánchezen abstentzioarekin, Barne Batzordeak behean heldu dena diktaminatu du osoko bilkurak onar dezan:

BAT: 2010eko lan postuen zerrendan, "B klaseko gidatzeko baimenaren jabe izatea" baldintza sartzea elektrizista lan postua eskuratu ahal izateko.

 

 

 

BI: Erabakiaren aurkako errekurtsoak:

a) Auzitara jo aurretik, eskatzaileak, hala nahi izanez gero, erabakia berraztertzeko errekurtsoa aurkez dezake 30/1992 Legearen arabera.

  • Horretarako, hilabeteko epea dauka, erabaki honen jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita.
  • Errekurtsoa aurkeztekotan Osoko Bilkurara jo behar da.

b) Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezake zuzen-zuzenean.

  • Horretarako, bi hilabeteko epea dauka, erabaki honen jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita.
  • Errekurtsoa aurkeztekotan, EAEko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzitarako Donostiako epaitegira jo behar da."

Kepa Garbizuk dio nahiz eta baldintza hau jartzearekin ados egon, elektrikari lanpostua sortu eta betetzeko erabakiaren aurka emandako arrazoi berdinengatik ez dutela alde bozkatuko. Gogoratu du ez zaiela normala iruditzen lanpostua sortzea, bakarrik ezingo duelako lan egin, laguntzaileren bat beharko duelako. Bestalde, udalak ezin omen ditu gremio eta behar guztietarako langile propioak izan, eta ondorioz zuzenago iruditzen zaio kanpoko enpresa baten laguntza izatea lan hauetarako.

Diktamena bozkatu eta onartu egin da aldeko sei botokin eta lau abstentziokin, Kepa Garbizu, Enrique Figueroa, Jesus Mari Martiarena eta Mikel Antxon Arrizabalagarenak.

6.- Diktamena, Altamira auzoan aparkaldi mugatua arautzen duen ordenantza behin betikoz onartzeko (2009UD290001).

Jon Legorburuk diktamena azaldu du. Honela dio diktamenak:

"2010eko otsailaren 3ko osoko bilkuran haserako onarpena eman zitzaion Altamira auzoan aparkaldi mugatua arautzen duen ordenantzari.

Espedientea jendaurrean izan da eta erreklamazioak jaso dira.

Barne Batzordean, Udaltzainburuak, EAJ/PNVko Lezoko Udal Taldeak Altamirako aparkaldi mugatua arautzeko ordenantzari aurkeztutako erreklamazioen berri eman du, eta informatu ditu.

Horiek horrela, eta aurkeztutako erreklamazioak aztertu ondoren, Haritz Salaberria, Jon Legorburu, Urko Lopetegi eta Jesus Mª Martiarenaren aldeko botoekin eta Roberto Sánchezen abstentzioarekin, Barne Batzordeak behean heldu dena diktaminatu du osoko bilkurak onar dezan:

BAT: Aurkeztutako 5 erreklamazioetatik 4 ontzat ematea:

 

1.- "6. artikulua, 1. Zonaldea: T. Garbizu kalea" atalean, "... auzotarrek" kendu eta "... udal baimena dutenek soilik..." jarri.

2.- 8. artikuluan "c) Ibilgailu bakoitzak txartel bakarra izango du" erantsi.

3.- "Txartelen ezaugarrien" atalean erantsi "'Serie zenbakia' inprimategiak txartel bakoitzari emango diona."

4.- "7. artikulua". Lehen parrafoaren ondoren, erantsi "Udaltzaingoak txartelen errejistroa egingo du, baimen zenbakien arabera".

BI: Erreklamazio bat ukatzea, 2d) atalekoa (8. artikuluari zuzendutakoa) eta erroldatu bakoitzak txartel bakarra izateari buruzkoa.

Kotxe matrikula bakoitzak eduki lezake txartela eta ez erroldatu bakoitzak txartel bakarra.

HIRU: Ordenantza behin betiko onartzea.

LAU: Altamira auzoan aparkaldi mugatua arautzen duen ordenantzaren testua Gipuzkoako Aldizkari Ofizialena argitaratzea."

Kepa Garbizuk lehenik alegazio tarteratu izanaren arrazoiak eman ditu: 1) jendaurreko epea bukatzear zela onartutako testuan ikusi zituen kontraesanak argitzeko, 2) bilkurako aktaren zuzenketaren bidez egin baino eraginkorragoa iruditu zitzaiolako alegazioaren tresna eta 3) onarpen eta argitalpen automatikoak ekidin nahia. Nahiz eta egindako alegazioa osorik ez onartzea diktaminatu, alde bozkatuko omen dute. Dena den, onartzen ez den alegazio hau ez dela ondo ulertu dio. Hau da, aparkatzeko txartela eskuratzeko baldintzetan, 8. artikuluari d) baldintza gehitzeak, "erroldatu bakoitzak txartel bakarra izango du", bi kotxe edo gehiago dituen pertsonari txartel bakarra izatea suposatuko lioke.

Neurri honen egokitasunari buruz eztabaidatu ondoren, azken alegazio hori ere araudian sartzea proposatu du alkateak eta horrela bozkatu da, hau da, diktamina gehi 8. artikulurako d) baldintza berriarekin, alegazioan proposatu bezala. Diktamena onartu egin da bilkuran diren zinegotzi guztien aldeko botoarekin.

 

7.- 2010/2011 ikasturterako, Tomás Garbizu Musika Eskolako tasak eta hobariak onartzeko diktamena (2010KO290002).

Alkateak diktamena onartzea proposatu du. Honela dio diktamenak:

"Xanti Espina Anduezak, Tomas Garbizu udalaren musika eskolako zuzendari gisa, 2010/2011 ikasturterako tasak eta hobariak onartzeko idazkia aurkezten du.

Kontu eta Hazienda Batzordeak, 2010/04/14an egindako bilkuran, Haritz Salaberria, Jon Legorburu eta Urko Lopetegiren botoa alde dela eta Kepa Garbizu eta Roberto Sánchez zinegotzien abstentzioarekin

DIKTAMINATZEN DU:

BAT: Tasen aldaketa hastapenez onartzea Tomas Garbizu udalaren musika eskolarako, 2009/2010 ikasturterako.

 

 

 

 

 

 

 

BI: Aplikatuko diren tarifak, hauek dira:

Musika Eskola 2010-2011

ASIGNATURA

TASAK

Lezokoak

Kanpokoak

Tresna + Talde

275,00 €

455,40 €

1go Maila

138,00 €

227,70 €

Tresna +Talde + Osagarri 1

342,00 €

564,30 €

2 Tresna + Talde

551,00 €

909,70 €

Osagarriak, Musika Mintzaira eta Hezkuntza Musikala dira

HIRU: Hobariak, Tomas Garbizu Lezoko Udalaren Musika Eskolako matrikula tasen ordainetan.

Eskatzaileek aldez aurretik bete beharreko baldintzak:

1.- Lezon erroldatuta egotea eskatzen den urteko urtarrilaren 1a baino lehen.

2.- Udal zerga eta prezio publiko guztiak ordaindurik edukitzea.

 

Matrikula tasen ordainketan hobaria honako hauek izango dute:

1.- Aplikazio arauetan dagoen taulan ageri diren diru sarrerak gainditzen ez dituzten ikasleak. Hobaria: tasa horien %75.

2.- Famili ugariak. Kide bakoitzaren hobari eskubidea: %25.

Aplikazio arauak:

1.- Kideen zenbatekoa erabakitzeko Biztanleen Udal Erroldaren azken eguneratzean jasorik dagoen dokumentazioa hartuko da kontuan.

2.- Tasen hobari eskabideak Musika Eskolako Bulegoan aurkeztuko dira matrikula egiterakoan eta dokumentazio hau bateratuko zaie:

2.a) Bizikidetzaren ziurtagiria.

2.b) "Sarrera ekonomikoengatik" eskatuz gero, Errentaren azken deklarazioaren kopia aurkeztu beharko dute edota Foru Diputazioaren ziurtagiria esanez ez dutela deklarazioa egiteko obligaziorik.

2.c) Errenta Deklarazioa aurkeztean "guztira osagarri positiboak" zehazpena begiratuko da.

2.d) Obligaziorik ezaren ziurtagiria aurkeztuz gero, Deklarazio hori ez egiteko Foru Diputazioak gehieneko sarreratzat hartutako baremoak edukiko dira kontuan. Obligaziorik ezaren agiria bateratu (ogasuna) eta 10-T (enpresa) edo etekin gordinen ziurtagiria (Errotaburu). Tlf: 902-100040

2.e) Famili ugarien kasuan, famili ugariaren liburua, eguneratuta.

3.- Hobari eskubidea duten pertsonei, matrikula ordaintzerakoan aplikatuko zaie hobaria.

4.- Hobariek metatze-izaerarik ez dutenez, onuradunak gehien interesatzen zaiona aukeratu ahal izango du

5.- Hobaria ematea gertatzean, hori eskatu den ekitaldirako bakarrik izango da.

6.- Tasa-hobarietarikoren baten onura jasotzeko proposatzen diren baldintzak ikasle batek betetzen baditu, baina aurreko ikasturtean klaseetara asistentzia %85 baino gutxiagokoa izan badu, beste gabe automatikoki ukatu egingo zaio eskaera.

Sarrera ekonomikoengatiko hobariari dagokion taula.

Sarrera ekonomikoengatiko hobariari dagokion taula.

Familiakide-kopurua

Sarrera ekonomikoak

Hobariak

1

14.826

% 75

2

25.308

% 75

3

34.352

% 75

4

40.796

% 75

5

45.598

% 75

6

49.224

% 75

7

52.810

% 75

LAU: Jendaurrean jartzea GAOn eta udaletxeko iragarki oholeko iragarki bidez, hilabeteko epean espedientea aztertu eta alegazioak aurkeztu ahal izateko. Epe horretan alegaziorik ez bada jasotzen, araudiak behin betiko onarpena izango luke.

Epe horretan alegaziorik ez bada jasotzen, araudiak behin betiko onarpena izango luke".

Kepa Garbizuk diktamenaren helburua ez dela argi agertzen esan du. Berak suposatzen du gastua gutxitzeko igoko direla prezioak. Ez dago ados azken urteetan musika eskolako prezioek izan duten igoerarekin: herritarrentzat %14a eta kanpokoentzat %25a.

Alkateak dio gastuak gutxitzea baino helburua gastuei muga bat jartzearena dela.

Diktamena bozkatu eta onartu da aldeko sei boto eta lau abstentziokin, Kepa Garbizu, Enrique Figueroa, Jesus Mari Martiarena eta Mikel Antxon Arrizabalagarenak.

 

 

 

 

8.- Ludoteka ordenantza fiskalaren aldaketarako diktamena (2010K0290002).

Alkateak diktamena azaldu du, tasen jaitsiera proposatzen omen da, zerbitzuari bultzada eman nahian. Honela dio diktamenak:

"Kultura sailak, ludoteka zerbitzuaren ordenantza fiskalaren aldaketari buruz aurkeztutako proposamena eta horri buruz kontuhartzaileak egindako txotena ikusirik,

Kontu eta Hazienda Batzordeak, 2010/04/14an egindako bilkuran, Haritz Salaberria, Jon Legorburu eta Urko Lopetegiren botoa alde dela eta Kepa Garbizu eta Roberto Sánchez zinegotzien abstentzioarekin

DIKTAMINATZEN DU:

BAT: Ludoteka zerbitzuaren Tasen aldaketa hastapenez onartzea.

 

BI: Aplikatuko den tarifa, hau da:

  • Urteko kuota: 30€
  • Ordainketa modua: Ikasturte hasieran".

 

Kepa Garbizuk dio Iñigo Esnaolak proposamenarekin batera bidalitako datuak ez direla zuzenak, han agertzen diren prezioak ez direlako indarrean daudenak, aurreko urtekoak baizik. Kepa Garbizuk azken urtetako prezioen merketze bilakaera azaldu du.

Bai Iñigo Esnaolak eta bai alkateak diote ludoteka zerbitzuan erabiltzaile gehiago izateko beste apustu bat dela proposamena. Oarsoaldea mailan egindako aisialdiaren azken azterketaren emaitzak eta irizpideak jarraituz, eta euskara erabiltzeko eta jendeak erabili dituen guneak izaten jarraitzeko, prezioa merketzearen aukera ere aprobetxatu nahi dela diote.

Diktamena onartu egin da aldeko sei botokin eta lau abstentziokin, Kepa Garbizu, Enrique Figueroa, Jesus Mari Martiarena eta Mikel Antxon Arrizabalagarenak.

9.- Aurrekontuaren aldaketaren diktamena (2010KO020001)

Alkateak azaldu du diktamena. Honela dio:

"Kreditu Aldaketaren espedientea egiten ari denez, 2010eko aurrekontuko gastuen aurrekontuko partiden arteko kreditu transferentziaz, 2010eko martxoaren 9ko D10/00182 dekretuaren bidez hasia, Ogasun eta Kontuetako Batzordeak, 2010eko apirilaren 14an egindako bilkuran, Haritz Salaberria, Jon Legorburu eta Urko Lopetegi zinegotzien aldeko boto ponderatuekin eta Kepa Garbizu zinegotziaren abstentzioarekin, behean heldu den proposamena diktaminatu du osoko bilkurak onar dezan:

BAT: Kreditu Aldaketarako espedientea onartzea, gastuen aurrekontu partida batzuen artean kreditu-transferentziarengatik identifikazio zk. 30001/2010, 2010-03-09koa eta zenbatekoa 310.682,45€."

 

Diktamena bozkatu eta onartu egin da aldeko sei botokin eta lau abstentziokin, Kepa Garbizu, Enrique Figueroa, Jesus Mari Martiarena eta Mikel Antxon Arrizabalagarenak.

10.- Oarsoaldea S.A.ko 2010eko kudeaketa plana eta aurrekontua onartzeko diktamena (2010KO320022).

Alkateak esan du udalek Oarsoaldeko Garapen Agentziaren kudeaketa plana eta aurrekontuak ezagutu eta bozkatzeko aukera izateko egin dela Ogasun batzordean aurkezpena eta diktamena. Honela dio diktamenak:

 

"Alkate Lehendakariak, Oarsoaldea SA-ko 2010eko Kudeaketa Plana eta Aurrekontuari buruz aurkeztutako proposamena eta horri buruz kontuhartzaileak egindako txotena ikusirik,

Kontu eta Hazienda Batzordeak, 2010/04/14an egindako bilkuran, Haritz Salaberria, Jon Legorburu eta Urko Lopetegiren botoa alde dela eta Kepa Garbizu zinegotziaren abstentzioarekin

DIKTAMINATZEN DU:

BAT: Oarsoaldea SAko 2010eko Aurrekontua eta Kudeaketa Plana onartzea, zenbatekoa 327.682,45€."

Diktamena bozkatu eta onartu egin da bilkuran diren zinegotzi guztien aldeko botoarekin.

11.- Alkatearen, Organo Kolegiatuetako udal-ordezkarien eta Delegatuen txostenak.

Jon Legorburu, Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako zinegotzi delegatuak hainbat konturen berri eman du:

  • - Inbertsioetarako Zapatero planaren bidez egindako obrak bukatu, ordaindu eta dirulaguntza jasota dagoela. Kudeaketa horretan aritu diren teknikariak zoriondu ditu.
  • - 2010. urterako "Zapateroren bigarren planerako" lau obrak egiteko eskaera onartu dela dio: Itturrin poligonoko argiteria, Andreone Kultur Etxeko eta Udaletxeko zaharberritzeak, eta Pysbe eta San Pedro auzoko argiteria berritzea.
  • - Jauregialdeko obrak maiatzean hasiko direla dio.
  • - Markesane parkean, Aranzadi Zientzia Elkarteak gidatutako eskola tailerretako lanetan Lezoandia Jaunaren 1go dorretxearen aztarnak azaldu direla dio. Azterketa arkeologikoa egin ondoren berriz estaltzea erabaki dutela dio eta bitartean eskola umeak bisitak egiten ari direla.
  • - Udaltzainen gaueko zerbitzua Oiartzunekin batera ematearen esperientzia ondo doala, normaltasun osoz.

Iñigo Esnaolak, Kultura eta Gazteria gaietarako zinegotzi delegatuak kontu hauen berri eman du:

  • - Kiroldegiko urteko memoria egina dagoela eta pasako zaiela zinegotziei.
  • - Mendekoste jaiak prestatzen ari direla, eta nobedade bezala igandean Atarratzetik etorritako taldeak emango duen pastoral zati bat ikusi ahal izango dela.
  • - Danborrak erosteko herriko elkarteei emango zaien dirulaguntzaren berri eman du.
  • - Udalak hiru liburu berri aurkeztuko dituela datozen egun eta hilabetetan: Polentzi Gezalaren biografia, San Joan inguruan aurkeztuko dena; Lezo airetik, azkeneko 30 urteetan herriak izan duen bilakaera jasotzen duena; eta, Elias Salaberriaren Historia, Aranzandi Zientzia Elkarteak landutakoa.
  • - Herriko gazteekin gazte plana lantzen hasi direla.
  • - Musika eskolako gastuak azken urteetan nahi baino gehiago igo direnez (289.000 € 2000 urtean eta 418.000 € 2009 urtean), haren dimentsioa mugatzeko planteamendua lantzen ari direla dio.

Alkateak kontu hauen berri eman du:

- Ogasun arloan: aurrekontuetan hainbat kreditu aldaketa egin direla esan du, Madrilgo gobernuaren, Zapateroren 2. planaren, dirulaguntzak direla eta. Bestalde, likidazioa bukatzear dagoela eta haren berri aurreko astean egindako batzorde berriemailean eman zela.

- Gizarte zerbitzuetan, Eusko Jaurlaritzak izan duen arazo informatikoa medio atzerapenarekin bada ere, larrialdietarako dirulaguntzak banatzen ari direla dio. Eusko Jaurlaritzak urte guztirako diru kopurua ez duela ziurtatu ere esan du.

- Eguneko zentroaren inguruan dio, Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikariekin batera obra ikusi dutela, aurreratua aztertu dutela eta beharbada urte honetan Gipuzkoako Foru Aldundiak ekipatzeko moduan izango dela.

- Apartamentu babestuen ekipamenduaren horniketarako lehiaketa baldintzak prestatzen ari direla eta Tokiko Gobernu Batzarrean onartuko direla dio. Ekaineko ohiko plenoan apartamentu horien araudia aurkeztuko omen dute.

- Euskara gaiei dagokionez dio, Oarsoaldeatik komunikazio kanpainaren esleipen prozedura martxan dagoela.

- Herritarren sarea osatzeko ekimena abiatu dela eta asteartean izan omen zuten lehen bilera.

- Udalak aldizkari bat kaleratu duela eta udal marka berri bat sortu dela, ez orain arteko marka ordezkatzeko, komunikazio ardura indartzeko baizik.

- Portuaren inguruan Gipuzkoako Foru Aldundiak plan bereziaren onarpenaren tramiteekin aurrera jarraitu duela adierazi du. Alkateak kritika egin du, portu inguruko herrien soberania eta autonomia aintzat hartzen ez duelako; Lezoko herritarren gehiengoak eskatzen duena jasotzen ez duelako eta nabarmen delako beste interes batzuk lehenesten dituela.

 

12.- Galde-eskeak.

 

1.- Kepa Garbizuk beste 18 galdera aurkeztu ditu idatziz, udal erregistroan. 115 galdera erantzun gabe daudela esan du. Horietatik 36k urte bat baino gehiago daramate erantzunik gabe.

2.- Kepa Garbizuk galdetu du ea Langileen Komiteak edo Udaltzainek eskatutako batzorderik osatu den. Alkateak dio bi bilera egin direla, gaietan orain ari direla sartzen baina oraindik ez dagoela komitearen proposamen zehatzik.

3.- Kepa Garbizuk galdetu du marka berriak eragiten dituen gastuak zenbatekoak diren. Alkateak dio iaz 15.000 €tako esleipena egin zela. Aldizkariak berriz, 5.000 €tako gastua izan duela dio. Mikel Antxon Arrizabalagaren iritziz ez da beharrezkoa gastu hori.

Aktaren amaiera.

Beste aztergairik geratzen ez denez, alkate-lehendakariak 20:55etan eman dio buru bilkurari. Eta nik, idazkari naizen aldetik, akta 828.444.etik 828.456.ra arteko zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta horren guztiaren fede ematen dut, eta bilkuran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu egin dute akta hau.

Eguna