Euskal Herriko Natura Babesteko 16/1994 Legearen arabera, hostozabal zuhaizti guztiak dira garrantzitsuak natura-ikuspegitik; hortaz, horiek kontserbatzeko ahaleginak egin behar dira.
Lezoko udalerrian, lurzoruaren ezaugarriak direla eta, hostozabal zuhaiztiak izan beharko lirateke nagusi, batez ere, hariztiak. Alabaina, nekazaritzak zuhaizti horiek larre eta belardi bihurtu ditu, eta, gaur egun, zenbait erreka-ertzetan eta txoko ezkutuetan baino ez dira gelditzen.
Azalera handieneko hariztiak Buztinzuloko bailaran eta Bakarraiztegiko erreka-ertzean ditugu. Zuhaizti horietan, haritz kanduduna (Quercus robur) da espezie nagusia; horrekin batera, lizar arrunta (Fraxinus excelsior), haltza (Alnus glutinosa) eta gaztainondoa (Castanea sativa) ageri dira.
Zuhaizti horiek oso zeregin garrantzitsua dute; izan ere, belardi artean daude, eta korridore ekologiko eta babesleku dira espezie askorentzat. Horien artean, aipagarri dira arkanbelea (Lucanus cervus) –Europako Zuzentarauek babestua– eta muxar grisa (Glis glis) –mehatxuan dauden EAEko espezieen katalogoan zaurgarri gisa ageri da–. Horietaz gain, basoetako hainbat hegazti eta saguzar espezie ere bizi dira baso horietan.