Gu ere bertsotan

 

Ahozko komunikazioa lantzea da proiektu honen helburua, horretarako bertsolaritzaren hainbat baliabide erabiliz. Bertsolaritzak hizkuntza normalkuntzan lagun dezake, hizkuntza haurren eta gazteen aurrean prestigiatu eta erabiltzeko motibazio pizgarri izan daitekeelako.

Hitzaren bidez egiten den jolasa eta komunikazio ekintza den aldetik, euskal kulturaren adierazgarri arrakastatsua izan da eta oraindik, garaian garaiko hizkuntza eskakizunetara moldatzen jakin duelako.

Gainera, bertsogintzak ahozko adierazpidea hobetzea, komunikazio estrategia eraginkorrak baliaraztea, hizkuntza aldetiko sormena bultzatzea, jendaurrean egoteko eta hitz egiteko oztopoak gainditzea, ideiak ordenatzen laguntzea eta komunikatzaile onak hezteko beste zenbait ekarpen interesgarri ekar dakizkioke eskolari.

Beraz, bada, bertsolaritza gure euskararen normalizazio bidean helburuak bermatzeko tresna ezin hobea dugu. Hauek dira helburuak:

A) Bertsogintza bitarteko delarik, hau da, eskola kurrikulumean bertsolaritza ezarriz, ikasleen euskararen erabilpen maila eta kalitatea handitzea

Adierazleak:

  • Ikasleak bertso bat idatziz egiteko gauza izatea
  • Ikasleak bat-batean piezak osatzeko gai izatea
  • Ikasleak, hasieran laguntzarekin egingo duten jarduera pixkanaka jarduera autonomo bilakatzea, bertsoak egiteko prozedurazko edukiak barneratuz eta aplikatuz
  • Komunikazio funtzio eta egoera ezberdinetako bertsogintza lantzea: kontaketa, eskea, zirikatzea, barre eginaraztea…

B) Bertsotarako zaletasuna piztea eta, bertsogintzari eskolako jardunean funtzionalitatea emanik, zaletuen beharrak eta gogoak elikatzea.

Adierazleak:

  • Urteko sasoia dena delarik ere, festa edo ospakizunetan, bertsolaritzaren presentzia bermatzea.
  • Ikastetxe mailan, bertsogintzan arituko direnen arteko topaketak antolatzea.
  • Bertsolari gazte eta elitekoak ezagutzera eman, eskolara gerturatuz.