San Juan Bataiatzailearen eliza parrokiala Lezoko hirigunean dago, muino txiki baten gainean.
Urte askoan zehar, Pasai Donibaneko eta Lezoko udalerriek San Juan Batailatzailearen eliza parrokiala partekatu egin zuten. Pasaiako biztanleei beste parrokia bat eratzeko baimena eman zitzaienean, XVI. mendearen erdialdean, beren eliza eraiki zuten, baina diru-falta zuten eta XVII. mendearen hasiera arte ez ziren obrak hasi.
Elizaren obrak iparraldetik hasi ziren. Alde horretan bi kapera irekitzen dira eta beren arkuek punta pixka bat dute. Hitzarmen-eskriturarekin bat, hegoaldeak ere bi kapera ditu. Horietako bat puntu erdiko arkuak ixten du eta elizara sartzeko erabiltzen da.
Eliza zabala da eta nabe bakarra du. Kanpoan horma-bular handiak ditu, barruan, berriz, pilastroi prismatikoak ditu eta horiek oinarri triangeluarra dute. Gangaren ildaska desberdinak eusten dituzten baketoiak elkartuz eratu dira. XVI. mendeko gurutzeriak estaltzen du. Ildaskak uhindunak dira, oinarriak, berriz, makurtuak. Gurutzeriak apaingarri bereziak ditu. Hau da Gipuzkoan aurki dezakegun kasu bakarra.
Elizak lau tarte ditu: lehenengoaren gainean presbiterioa altxatzen da. Iristeko harmailadi ederra dago. Erretaula nagusiak lau solairuko altuera du eta kalbarioak koroatzen du.
Kanpoaldean, gargoletan eta mendebaldeko portadan ezaugarri gotikoak ditu eraikuntzak. Ate modernoagoaren gainean arku puntadun zaharrenaren abiapuntuak ikus daitezke. Portadaren gainean leihate gotiko izugarria dago. Bere argia banatzeko, trazeria eta bi mainel daude. Leihatearen gainean, hegoaldean, inflexio bikoitzeko arkuaren moldura ikus daiteke. Zarta batek amaitzen du. Ez dago ez trazeriarik, ezta mainelik ere. Hegoaldeko fatxadaren alde bat apaintzeko bolek osatzen dute moldura.
Kanpoko horma-bularrak absidean oso nabarmenak dira eta elizari gotorlekuaren itxura ematen diote.