Herriko plazan Gurutze Santuaren Basilika dago. Hasieran ermita txikia besterik ez zen eta atariak egurrezko hesia zuen. Barruan Kristo Gurutziltzatua ikus zitekeen. Bizantziar estilokoa da irudia, X. mendekoa, eta oso berezitasun handia du: ez du bizarrik.
XVI. mendearen amaieran ustezko miraria izan zen eta, ondorioz, irudiareriko debozioa Euskal Herri osoan hedatu zen. Hortaz, ermita zaharra kokatzen zen tokian basilika errenazentista eraiki zen, eta oraindik zutik dirau.
Adituen arabera, Lezoko Kristo Santuaren tailak balio artistiko handia du, baina, zalantzarik gabe, urtez urte bisitari ugari erakartzen dituzte bere inguruan sortutako kondairek.
Lezoko Kristo Santua Euskal Herriko irudi erlijiosorik famatuenetarikoa dela esan daiteke.
Kondairaren arabera, XV. mende inguruan flotatzen agertu zen irudia Pasaiako badiako uretan. Garaia hartan gertakaria seinale jainkotiartzat jo zen, beraz, ez zen harritzekoa Pasaiako, Errenteriako eta Lezoko biztanleek berentzako nahi izatea. Kondairak dioenez, Kristoa ahaztu egin zuten hainbeste liskarren artean eta hara hor gauza harrigarria: kutxa berriz ireki zutenean, irudia desagertua zegoen.
Pixka batera, gaur egun tenplu txikia kokatua dagoen tokian aurkitu zuten. Beraz, zalantza guztiak atzean gelditu ziren eta bertan egon behar zela erabaki zuten. Hala ere, Pasaiako biztanle bat ez zen erabaki jainkotiarrarekin ados geratu, Lezoko bizilagunen batek lapurtu zuelakoan zegoen. Hala, gaua sartuta zegoenean, iltzeak kendu eta Pasai Donibanera eramatea erabaki zuen. Iritsi bezain pronto, beste ustezko mirari jainkotiarra gertatu zen. Ekaitz izugarria izan zen, nahiz eta data eta toki horretan ohikoa ez izan. Zer pentsatu behar izan zuen pasaitar hark ekaitzean kutxa ireki eta Kristo Lezorantz zihoala ikusi zuenean! Beraz, jatorrizko tokira itzultzea erabaki zuen eta ekaitza amaitu egin zen.
Harrezkero izen handia hartu zuen eta itsasontziak lanera atera baino lehen ermita (gaur basilika) zaharrera hurbiltzen ziren kanpainetan zorte ona izateko. Halaber, fededunek egindako eskakizunak erantzuten zituela diote, baita gaitzak sendatu ere. Beraz, ez da harritzekoa barruan exvoto ugari aurkitzea. Fededun sutsuenak gaixoak eta marinelak izan dira.
Exvoto izenekoa (latineko "ex voto", "votoa"ren ondoriozkoa) jainkoari jasotako onuren seinale egiten zaion eskaintza da. Historiaurreko irudi txiki asko exvoto izenekoak izan zirela suposatzen da. Mundu osoan herritarrek jainkoei eskaintzak egin dizkiete gauzak eskertzeko. Euskarriak ugariak izan dira: buztinezko iruditxoak, edalontziak, etab.
Lezoko Gurutze Santuaren Basilikan exvoto batek orain arte iraun du. Itsasontzi baten maketa da. Kostaldeko herrietan sarritan eskaini izan dira itsasontzien maketak, arrisku batetik libratu izana, edo salbamendu bat eskertzeko.
Gipuzkoan itsasontzi exvoto ugari dago elizetako sabaietatik kulunka: Arrasate, Deba, Eibar, Eskoriatza, Hernani, Irun, Mutriku, Tolosa, Pasaia Donibane, Pasai Antxo eta Lezon.
Era berean, Gurutze Santuaren Basilikan XVIII. mendeko erretaula ikus daiteke.